21 establezimenduk parte hartuko dute erakusleiho lehiaketan
Herriko 21 establazimenduk parte hartuko dute Hondarribian antolatu duten Gabonetako I. Erakusleiho Lehiaketan. Hala, merkataritza egunerokotasunaren parte egin nahi dute, eta ondoen apaindutako erakusleihoari saria emango diote. Izena eman duten 21 d...
Herriko 21 establazimenduk parte hartuko dute Hondarribian antolatu duten Gabonetako I. Erakusleiho Lehiaketan. Hala, merkataritza egunerokotasunaren parte egin nahi dute, eta ondoen apaindutako erakusleihoari saria emango diote.
Izena eman duten 21 denden artean, bost Zuloaga kalean daude, beste bost San Pedro kalean, bi Bernat Etxeparen, Itsas Argin, Matxin Arzun eta Harresilandan eta bana Santiagon, Almirante Alonson eta Donostia kaleetan. Hala, herriko hainbat auzotako dendek parte hartuko dute Turismo eta Merkataritza Sailak antolatutako lehiaketan.
Urtarrilaren 8ra arte
Gabonak girotu nahian, erakusleihoak iragan asteazkenetik urtarrilaren 8ra arte egongo dira apainduta, eta kalera ematen duen erakusleihoa duten establezimenduek askatasun osoa izango dute nahi duten teknika eta estiloa erabiltzeko. Epaimahaiak diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena baloratuko ditu, eta erakusleiho onenentzako hiru sari izango dira: 450, 300 eta 200 eurokoak.
Kontsumoa indartzea, xede
Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak testuinguru orokor batean kokatu du lehiaketa: «Hondarribiko Udalak kontsumoa hobetu eta indartu nahi du, zenbait bidetatik». Gainera, merkatariek eta Bidasoa Bizirik-ek osatu berri duten Merkataritza Mahaiari ere garrantzia eman nahi izan dio alkateak: «Hiriko merkataritza sustatzeko ahal dugun guztia egiten ari gara, eta hala jarraituko dugu».