Kontsumoa jaisteko bost proiektu jarri ditu martxan udalak
Energiaren eraginkortasunera bideratutako bost proiektu jarriko ditu martxan Errenteriako Udalak, faktura eta energia kontsumoa jaisteko asmoz. Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez, 2010ean 800.000 euro gastatu zituen udalak ene...
Energiaren eraginkortasunera bideratutako bost proiektu jarriko ditu martxan Errenteriako Udalak, faktura eta energia kontsumoa jaisteko asmoz. Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez, 2010ean 800.000 euro gastatu zituen udalak energia kontsumoan.
Bost proiektu horietatik lau 2012ra begira martxan jartzeko dira, eta 184.882 euro inbertituko ditu udalak: Beraun kalean argiak jartzea, udal kiroldegian klimatizazio eta ur bero sistema jartzea, eta udal liburutegian eta Langaitz ikastolan argiak jartzea.
Bosgarren proiektua, berriz, aurten jarri dute martxan: Uztargiko haurtzaindegiko galdara aldatzea, 55.353 euroren truke. Proiektu horiek aurrera eramateko Hiri Mantenu, Kirol eta Hezkuntza sailekin elkarlanean aritu dira, eta Euskal Energia Erakundearekin batera finantzatu dituzte.
Ferradasek gogorarazi duenez, ingurugiro arloan udalak dituen lehentasunen artean daude biodibertsitatea, energia eta jasangarritasuna (Agenda 21). Gaineratu duenez, energia arloan udal planifikazio estrategikoa diseinatuko dute, eta bi ardatz nagusi izango ditu: energia berriztagarriak erabiltzen hastea eta energia eraginkortasun proiektuak martxan jartzea eraikinetan, kanpoko argietan eta garraio-mugikortasunean.
Ferradasen arabera, energia kontsumoa aldaketa klimatikoaren eragile nagusia da, eta beharrezkoa da hori murrizten ahalegintzea. Horregatik, herritar guztiak animatu ditu energia eraginkortasunaren alde egiteko, eta ahalik eta gehien aurrezten saiatzeko etxean.