Mugan, Irungo Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak 200.000 deskontu txartel banatuko ditu gabonetan, parte hartuko duten saltokietan baliatzeko. Muganeko kudeatzaile Tomas Maeztuk aurkeztu zuen ekimena joan den astean. “Parte hartuko duten saltokietan erosketa berriak sustatu nahi ditugu, 2012ra begira”, azaldu zuen. Saltoki bakoitzak erabakiko du nolako eskaintza egingo duen: “Ez da gauza bera ogi bat edo altzari bat erostea; komertzio bakoitzak erabakiko du deskontua zein izango den… %1etik %80ra joan daiteke”, gehitu zuen Maeztuk. Kanpainarekin bat egin duten saltokietan erosten dutenek deskontu txartela jasoko dute, saltzaileak ezarritako merketzea izango duena. Erosleak deskontu hori baliatu ahalko du, saltoki horretan soilik, hurrengo hiru hilabeteen barruan. Ia 17.000 gutun 2010ean Aurten ere Olentzero, Errege Magoen edo Aita Noeli gutuna idazteko aukera eskainiko du aurten ere Muganek. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta ia 17.000 gutun jaso zituzten. Gutunak Muganeko saltokietan jaso, eta ondoren bete behar dira, 4000 euro arteko eskakizunak eginez. Ondoren merkatarien elkartearen egoitzan utzi behar dute betetako gutuna (Colon pasealekua, 27). Jasotakoen artean zozketa egingo dute, eta irabazlearen eskaerak errealitate egingo dira. Hori ez da izango Muganek gabonetan egingo duen zozketa bakarra. 120 euroko 150 txeke banatuko dituzte datozen egunotan elkartearen bazkide diren dendetan erosketak egiten diztuzten artean, 18.000 euro guztira. [...]
Hirugarren urtez, Gabonetan dantza eta musika giroa izango da Irunen, Tatiana eta Dantzaka akademien, IrunBreak elkartearen eta Udal Musika Kontserbatorioaren eskutik. Gabonetan jende gehien biltzen diren lekuetan ariko dira: Pio XII.a plazan, San Migel auzoan eta Erdigunean, baita MercaIrunen ere. Hamarnaka saio egingo dituzte, hilaren 23an eta 29an, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara (ikus egitaraua behean). Tatiana eta Dantzaka taldeek flashmob ekintzak burutuko dituzte, jendea ezustekoan harrapatuz. Tatianako Analisa Torresek azaldu zuen 250 dantzarik parte hartuko dutela gabonetako ekintzetan. Hondarribia kalea eta Iparralde etorbidea bitartean semaforoak oinezkoentzako berde jartzerakoan dantzatuko dute. Eta IrunBreak elkarteko kideak Aita Noelez mozorrotuko dira, ordu erdiko break dance ikuskizunak egiteko. Kontserbatorioko lau taldek bat egin dute Irungo gabonak girotzeko ekitaldi sortarekin. Hain zuzen ere, haize bostekoa, saxoen taldea, hari hirukotea eta Diego Vera disko jartzaile eta bateria elektronikoak dira Eguberri astean emanaldiak eskainiko dituztenak. Argiteria %100 iraunkorra Musika eta dantzaz gain, argiteria bereziak gogoratuko dien irundar zein bisitariei aste hauek bereziak direla. Joan den astean piztu zituzten San Juan Harria plazara itzuli diren argiak. “Hiru dimentsioetako kolorezko elementuak hautatu ditugu aurten ere, egunez dekoratu eta gauez argitzen dutenak. Gainera %100ean led argiak baliatu ditugu, iraunkorrak eta oso dekoratiboak direlako”, esan zuen Cristina Laborda Bide Publikoko [...]
Julio Bravoren zuzendaritzapean, Musika Eskolako orkestrak kontzertua eskainiko du asteartean, Kontserbatorioko auditorioan, 20:00etatik aurrera.
Udan aurrenekoz egin zuten Sens Irun programaren arrakasta ikusirik, gabonetan berreskuratzea erabaki dute udalak eta Mugan Irungo merkataritza elkarteak. Ekimenaren helburua da bisitariari bost zentzumenei lotutako ibilbide bat eskaintzea, Irungo erdialdea eta bere merkataritza ezagutu ditzan. Gabonetarako beste bost saltoki hautatu dituzte, udan txangoa egin zuenak ere, berriz egin ahal izateko. Eta, nola ez, eguberriei lotutako ibilbidea prestatu dute oraingoan. Ostegunean aurkeztu zuten programa, udaletxeko bilkura aretoan. Bertan izan ziren, besteak beste, Irungo Merkataritza arloko ordezkaria, Migel Angel Paez, Sens Iruneko gidari Iñaki Otamendi, eta Tomas Maeztu Mugan merkataritza elkarteko kudeatzailea. Paezen ustez “hiriko merkataritzak bezeroak fidel izaten saiatzea bezain beharrezkoa du erakargune izatea”. Udan ibilbideko gidari izan zen Iñaki Beobidek errepikatuko du lan horretan. Aurkezpenean esan zuen bisitariei “esperientzia ludiko, dastagarri eta didaktikoa” eskaintzen saiatuko dela. Gabonetan astelehenetik ostiralera egingo dute dituzte paseoak, hilaren 19tik 30era, 16:30etik 18:30era. Prezio 3 eurokoa izango da, eta 12 urtetik beherakoentzat doan. Izen emateko Luis Marianoko turismo bulegora joan behar da, edo 943020732 telefono zenbakira deitu. Sens Irun. Ibilbideko saltokiak Ikuski (Luis Mariano lorategiak). Entzumena landuko dute. Soinu esperientzia tamaina eta material ezberdinetako gabonetako bolak baliatuz. Atrezzo (Geltoki kalea). Ikusmena landuko dute. Kunstall deseinu eskolako ikasleek prestatutako instalazioa, gabonei eta kontsumo arduratsuari lotuta. [...]
Euskal preso eta iheslariak gogoan, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Irungo Urdanibia plazan. Aurretik, hiriko hainbat alderdi politikok testu bat adostu zuten, Madril eta Parisi presoen eskubideak errespetatu eta gartzela politika aldatzeko eskatuz. Besteak beste, sakabanaketarekin amaitzeko eta gaixo diren presoak eta epaiketaren zain daudenak aske uzteko eskatzen du idatziak. Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba, Ezker Batua eta Bilduk sinatu zuten testua. Aste honetan idatzitako testuaren sinatzaileek “ETAren erabakiaren ondorioz gatazka politikoa bake bidera eramateko aukera” zabaldu duela. “Eman beharreko urratsetan, besteak beste, euskal preso politikoen eskubideen errespetua bermatu beharko da”, gaineratzen du, eta, horretarako “euskal preso politikoen aurka zigor gehitu gisaaplikatzen den espetxe politika eteteko” exijitzen dute. Honako neurriak eskatzen dituzte: Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea. Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea. Epaituak izateko zain dauden presoak behin-behinekoz askatzea. Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea. Legeak jasotzen dituen espetxe onurak aplikatzea, murrizketarik gabe. Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea. Munduan eman diren bake prozesu guztietan “preso politikoen errealitateari konponbidea” eman zaiela diote, eta Madril eta Parisi gaertzela politika “errotik aldatzea eta atzerapenik gabeko urratsak ematea” exijitzen diete. Bukatzeko, sinatzaileek herritarrei dei egiten diete “ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa [...]