Bidasoaren bi aldeetako 13.000 enpresen direktorioa osatu du Innov Mugabek
Innov Mugabeko batzorde politikoaren bigarren bilera egin zuten atzo Ficoba erakustazokan. Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Michel Hiriarte Biriatuko auzapezak, Innov Mugabeko bi presidenteek, prentsaurrekoa eman zuten bileraren ondotik, eta au...
Innov Mugabeko batzorde politikoaren bigarren bilera egin zuten atzo Ficoba erakustazokan. Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Michel Hiriarte Biriatuko auzapezak, Innov Mugabeko bi presidenteek, prentsaurrekoa eman zuten bileraren ondotik, eta aurten egindako lana eta datozen urterako egitasmoen berri eman zuten. Aurten bidasoa-sudpaysbasque.com plataforma eratu dute. Bertan bi eskualdeetako enpresen direktorioa osatzen ari dira. Santanok bi eskualdeetako enpresentzat tresna horrek duen garrantzia nabarmendu zuen: “Kanpoan bilatu aurretik inportantea da gure eskualdean bilatzen dugun hori badagoen jakitea”. Sareko plataformak enpresei aukera ematen die haien produktuen katalogoak jartzeko. dagoeneko 200 enpresen katalogoak bisitatu daitezkeela gehitu zuen Irungo alkateak.
Mugaz gaindiko lankidetza helburu duen POCTEFA programak diruz lagundutako ekimena da eta ibaiaren bi aldeetako Behe Bidasoko herriei eragiten die, Bidasoa Txingudi eta Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoa (HEHHE) osatzen dute Innov Mugabe, eta guztira 14 udalerri ordezkatuta daude bertan: Irun eta Hondarribia Bidasoa Txingudiren bitartez, eta beste hamabi herri HEHHEren bidez, Hendaia eta Biriatu haien artean.
Egitasmoaren helburu nagusia ibaiaren bi aldeetako erakundeek elkar ezagutzea da, batez ere, elkarkidetza ekonomikoari begira. Innov Mugabeko bi bazkide diren eskualdeetan 167.000 biztanle bizi dira, eta 13.000 enpresa daude ezarrita bertan.
Hiriartek nabarmendu zuen horietatik guztietatik 6.000 inguru webguneko direktorioan ageri direla.