Udalak Irunbuseko lineak moldatuko ditu urtarriletik aurrera
Urtarriletik aurrera hiriko autobus lineak aldatuko dituzte. Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren gomendioei jarraituz Mugikortasun mahaiak proposamen bat prestatu du, urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatzeko. San Juan plazaren irekitzea, aldundiak Ekialdebuseko zerbitzuan abiatuko dituen aldaketak eta azken urteetan erabiltzaileek salatutako akatsak hartu dituzte kontuan linea berriak zehazteko. Jose Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak urtarriletik aurrera Irunbuseko lau lineetan ezarriko dituzten aldaketak aurkeztu dituzte gaur goizean. “Mugikortasun iraunkorraren aldeko apostua” dela adierazi zuen Santanok: “Autobus linea berriek bi helburu dute, fidagarritasuna eta azkartasuna. Batetik, bezeroak autobusa bere geltokira zein ordutan iritsiko den, eta helburura iristeko zenbat denbora beharko duen ezagutu behar du. Bestetik, autobusak azkarra izan behar du, bakarrik beharrezkoa den bidea eginez”. Gaur aurkeztu dituzten linea berriekin hiriko autobusek urtean 80.604 kilometro gutxiago egingo dituztela nabarmendu dute. Lau lineetan egin dituzte aldaketak, nabarmenenak L2an; otsailetik aurrera Katea auzoaren eta Erdigunearen arteko ibilbide zuzena izango da, industria guneetan geratuko dena, eta Ekialdebusen ibilbidean dauden geltokiak galduko dituena. L1 lineako autobusa Urdanibia Berriraino iritsiko da, eta Hizkuntza Eskolako erabiltzaileek gertuago izango dute geltokia. L3 linearen zerbitzua eskariaren araberako izango da, eta Olaberriaraino iritsiko da. Gainera, Meakako biztanleentzako telefono bidezko taxibus zerbitzua abiatuko dute. Lurraldeko lineekin osatu Irungo Udalak eta Foru Aldundiaren [...]
Urtarriletik aurrera hiriko autobus lineak aldatuko dituzte. Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren gomendioei jarraituz Mugikortasun mahaiak proposamen bat prestatu du, urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatzeko. San Juan plazaren irekitzea, aldundiak Ekialdebuseko zerbitzuan abiatuko dituen aldaketak eta azken urteetan erabiltzaileek salatutako akatsak hartu dituzte kontuan linea berriak zehazteko.
Jose Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak urtarriletik aurrera Irunbuseko lau lineetan ezarriko dituzten aldaketak aurkeztu dituzte gaur goizean. “Mugikortasun iraunkorraren aldeko apostua” dela adierazi zuen Santanok: “Autobus linea berriek bi helburu dute, fidagarritasuna eta azkartasuna. Batetik, bezeroak autobusa bere geltokira zein ordutan iritsiko den, eta helburura iristeko zenbat denbora beharko duen ezagutu behar du. Bestetik, autobusak azkarra izan behar du, bakarrik beharrezkoa den bidea eginez”. Gaur aurkeztu dituzten linea berriekin hiriko autobusek urtean 80.604 kilometro gutxiago egingo dituztela nabarmendu dute.
Lau lineetan egin dituzte aldaketak, nabarmenenak L2an; otsailetik aurrera Katea auzoaren eta Erdigunearen arteko ibilbide zuzena izango da, industria guneetan geratuko dena, eta Ekialdebusen ibilbidean dauden geltokiak galduko dituena. L1 lineako autobusa Urdanibia Berriraino iritsiko da, eta Hizkuntza Eskolako erabiltzaileek gertuago izango dute geltokia. L3 linearen zerbitzua eskariaren araberako izango da, eta Olaberriaraino iritsiko da. Gainera, Meakako biztanleentzako telefono bidezko taxibus zerbitzua abiatuko dute.
Lurraldeko lineekin osatu
Irungo Udalak eta Foru Aldundiaren Garraio arloak hainbat bilera izan dituzte azken asteetan Ekialdebusen egungo zerbitzuan aldaketak zehazteko. Aurten abiatu dituzten linea berrietan erabiltzaileek ikusi dituzten gabeziak zuzendu, eta San Juan plazako obrak amaituta, Larreaundira autobusa itzultzea nahi dute, hurrenez hurren, aldundiak eta udalak. Oraindik ibilbidean ados jarri ez diren arren, 2012ko lehen hiruhilabetetik aurrera Irun eta Hondarribia lotzen dituen E25 linea Larreaundira eta San Juan plazaraino iritsiko da, Euskal Herria etorbidetik.
Hiriko eta lurraldeko autobus lineen arteko osagarritasuna garrantzitsua dela uste du Cristina Labordak, “hiriko estaldura bermatzeko, akatsik eta bikoiztasunik gabe”. Horrela, Belaskoenea eta Ospitaleko erabiltzaileek Irun-Hondarribia linea erabili ahal izango dute erdialdera joateko, eta geldialdi horiek ezabatu dituzte Irunbuseko zerbitzutik, lineak azkartuz. Santanoren hitzetan, L2 linea bezeroak galtzen joan da etengabe, “herriari itzulia dirudielako”.
Aldaketen egitasmoa irmoa izan bezain laster herritarrei informazio helaraziko dietela adierazi zuen Mugikortasun ordezkariak. Mahaiak egindako proposamena urtarrileko osoko bilkuran onartzea espero dute; “ordurako aldundiaren lineak zehaztuta egon beharko lirateke”, gaineratu zuen alkateak.
Linea berrien ibilbideak
- L1 (Zaisa-Ospitala). Urdanibia Berriraino iritsiko da, Jaizubiko biztanleak Erdialdera azkarrago iritsi daitezen. Zaisa eta Hinkuntza Eskolako geltokiak bakarrean elkartuko dira, Lastaiola Postetxea eta Alcaldia de Sacas kaleko izkinean.
- L2 (Katea-Erdigunea). Arazo gehien eman dituen linea izan da eta 2007tik bezeroen %30 galdu ditu. “Zenbait bezerok ibilbide luzeegiak egin behar dituzte, eta hainbat geltokietan oso erabiltzaile gutxi ditu”, zehaztu zuen Labordak. Horregatik, Katea auzoa eta Erdialdea gerturatu nahi izan dute, zuzeneko ibilbidea eginez. Arretxe-Ugalde eta Arretxe Gaina industria guneetan geltokiak izango ditu, eta eskari gutxidun geltokiak eta Belaskoeneako zerbitzua kenduko dituzte, zerbitzu hori Ekialdebusek betetzen duelako.
- L3 (Artia-Erdialdea-Olaberria mikrobusa). Olaberriaraino iritsiko da, auzo horren eta Artia-Arbes auzoaren arteko lotura eginez. San Juan plazan bi lekuetan hasiko da zerbitzua, Arbelaiz jauregian Arbes-Artiako norabidean, eta Prudencia Arbide kalean Olaberriakoan.
- Meaka-Ibarla-Erdigunea taxibusa. Eskaria oso txikia da, eta zerbitzua mantentzeak beste geltokietako erabiltzailengan eragiten du. Meakako bezeroek Erdigunera joateko autobusa behar dutenean telefonoz deitu beharko dute, eta taxibusa joango da haien bila.