San Tomas azokak egingo dituzte herriko zenbait tokitan asteburuan
Asteazkenean izango da San Tomas Eguna, baina zenbait auzo elkartek asteburura aurreratu dituzte egun horri lotutako ekitaldiak. Beraunen, esaterako, larunbatera begira prestatu dituzte ekintzak. Goizean goizetik erakusketa izango da auzo elkartearen t...
Asteazkenean izango da San Tomas Eguna, baina zenbait auzo elkartek asteburura aurreratu dituzte egun horri lotutako ekitaldiak.
Beraunen, esaterako, larunbatera begira prestatu dituzte ekintzak. Goizean goizetik erakusketa izango da auzo elkartearen terrazan, eta arratsaldera arte barazkiak eta animaliak ikusteko aukera izango dute auzora hurbiltzen diren herritarrek. Horrez gain, baratzeko produktuak erosi ahal izango dira. Eta nola ez, txistorra pintxo eta ogitartekoak ez dira faltako.
Iztietan, berriz, hurrengo egunean egingo dute San Tomas feria. Egun osoan zehar Diputazio plazan baserriko produktuen erakusketa, taloak eta txistorra pintxoak izango dira, euskal musikak girotuta.
Agustinetan ere ez du hutsik egingo San Tomas azokak, eta egun osoan zehar, txistorra ogitartekoa eskuan, barazkiak erosi eta animaliak ikusteko aukera izango da.
Beraz, San Tomas Egunera arte itxaron nahi ez dutenek plan polita daukate astebururako.
Herriko ikastetxeek ere San Tomas Egunari begira hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Telleri Alde ikastetxean, esaterako, asteazkenean bertan ospatuko dute eguna, eta txikienek pertsona berezi baten bisita jasoko dute: Olentzeroren laguntzailearena. Horrez gain, ikastetxeko pilotalekuan postua jarriko dute nahi duen orok txistorra ogitartekoa jan dezan.

