Unai Oiartzun: “400 bisitatik gora izan nituen lehen astean”
Asko dira eskualdeko kirol taldeen emaitzen berri ematen duten komunikabideak. Baina horren berri euskaraz eman dutenak gutxi dira, Irungo Hitza horietako bat, eta Kiroletik bloga bestea Unai Oiartzun Irastortza kazetaritza ikasle irundarrak (Irun, 1992) duela bi aste sortu duen Kiroletik bloga (http://kiroletikblog.blogspot.com). Irun eta Hondarribiko kirol emaitzak, partidetako prebiak eta laburpenak, eta taldeek sortzen duten informazioez idazten du Oiartzunek Kiroletik blogean; inkestak ere egiten ditu, eta aurrerantzean erreportaiak eta elkarrizketak sartzeko asmoa du. Nola sortu zen bloga egiteko ideia? Helburua zen gai baten inguruan idaztea eta nik idatzitakoa jendeak irakurtzea. Kirolaren gaia aukeratu nuen eskualdean kirolari buruz ez zegoelako informazio nahikorik, edo dagoena oso sakabanatuta dagoelako. Dagoen informazio hori bideratzea pentsatu nuen, zerbait gehiago eskaintzeko asmoz. Lehen jarraitzen zenuen gaia al da? Bai, jarraitzen nuen, baina orain gehiago. Ez kirol talde, eta kirolari guztiak, baina jarraitzen nuen. Hasierako ideia partiden kronikak eta prebiak eskaintzea zen, inkestak, bideoak sartzea… bideoena erronka da; bat edo beste sartu dut, baino gehiago sartzea gustatuko litzaidake. Ikasten ari zaren karrerarako baliagarria izango zaizula uste al duzu? Bai, uste dut praktika bezala, ondo etorriko zaidala. Hasiera batean egiten ari naizen gauza bakarra beste komunikabideetan ageri dena nire erara idaztea da, baina aurrerago erreportaia txikiak edo elkarrizketak egin [...]
Asko dira eskualdeko kirol taldeen emaitzen berri ematen duten komunikabideak. Baina horren berri euskaraz eman dutenak gutxi dira, Irungo Hitza horietako bat, eta Kiroletik bloga bestea
Unai Oiartzun Irastortza kazetaritza ikasle irundarrak (Irun, 1992) duela bi aste sortu duen Kiroletik bloga (http://kiroletikblog.blogspot.com). Irun eta Hondarribiko kirol emaitzak, partidetako prebiak eta laburpenak, eta taldeek sortzen duten informazioez idazten du Oiartzunek Kiroletik blogean; inkestak ere egiten ditu, eta aurrerantzean erreportaiak eta elkarrizketak sartzeko asmoa du.
Nola sortu zen bloga egiteko ideia?
Helburua zen gai baten inguruan idaztea eta nik idatzitakoa jendeak irakurtzea. Kirolaren gaia aukeratu nuen eskualdean kirolari buruz ez zegoelako informazio nahikorik, edo dagoena oso sakabanatuta dagoelako. Dagoen informazio hori bideratzea pentsatu nuen, zerbait gehiago eskaintzeko asmoz.
Lehen jarraitzen zenuen gaia al da?
Bai, jarraitzen nuen, baina orain gehiago. Ez kirol talde, eta kirolari guztiak, baina jarraitzen nuen. Hasierako ideia partiden kronikak eta prebiak eskaintzea zen, inkestak, bideoak sartzea… bideoena erronka da; bat edo beste sartu dut, baino gehiago sartzea gustatuko litzaidake.
Ikasten ari zaren karrerarako baliagarria izango zaizula uste al duzu?
Bai, uste dut praktika bezala, ondo etorriko zaidala. Hasiera batean egiten ari naizen gauza bakarra beste komunikabideetan ageri dena nire erara idaztea da, baina aurrerago erreportaia txikiak edo elkarrizketak egin nahi ditut, eta hori ere onuragarria izango zait ikasketei begira.
Astean zehar Bilbotik osatzen duzu, eta asteburuan Irundik. Denbora asko kenduko dizu…
Partidekin asteburuan jarraipen handiagoa eman behar zaio. Eta asteburuetan denbora asko ez daukat, ostiraletan etorri eta igandeetan itzultzen naizelako Bilbora, baina ahal dudan denbora gehiena eskaintzen diot. Ahal dudan bitartean jarraituko dut blogarekin, eta eskatzen duen denbora ematerik ez dudanean, ba utziko dut.
Erraza izan al zen bloga sortzea?
Bai, hasieran ez nekien zer sortu, bloga edo webgunea, baina nire informatika ezagutza ez da ikaragarria eta bloga erabaki nuen. Aukera ematen dizu bideoak, argazkiak, inkestak, etabar sartzeko.
Zer erantzun izan du?
Nik uste nuena baino hobea. Lagunei esanez eta sare sozialen bitartez zabaltzea erabaki nuen, eta harrera oso ona izan da. Bi aste daramatza eta lehen astean 400 bisitatik gora izan zituen. Igande gauetan sartzen da jendea batez ere, eta astelehen goizean ere, behin emaitzak igo eta gero, somatzen da sartzen direla.