‘Errenterian, hartu-eman bizian’ kanpaina, abian
Beste urte batez, Errenteriako Udalak merkataritzan euskararen erabilera sustatzera zuzendutako Errenterian, hartu-eman bizian kanpaina jarri du martxan. Irune Balentziaga Euskara zinegotziak jakinarazi duenez, datozen sei hilabeteetarako bi pertsona kontratatu dituzte herriko komertzio eta ostalaritza establezimenduak banan-banan bisitatzeko. Euskararen presentzia areagotzeko lana egingo dute. Balentziagaren arabera, bisita horiek bi helburu nagusi izango dituzte. Batetik, establezimenduak euskaraz dituen datuak eguneratzea, eta bestetik, udalak ematen dituen doako zerbitzu eta diru laguntzak ezagutaraztea. Zerbitzu eta diru laguntza horiek establezimenduetan euskararen erabilera sustatzera bideratu ditu udalak. Euskararen presentzia, hain zuzen, “establezimenduaren kalitatearen ezaugarri garrantzitsua” dela nabarmendu du Euskara zinegotziak. Errenteriako Udalarekin batera, Oarsoaldeko beste hiru udalek ere, Lezo, Pasaia eta Oiartzungoek, parte hartzen dute egitasmo horretan, eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean ari dira. Hain zuzen, proiektua Euskara Komertziora planaren barruan dago. Zerbitzuak eta diru laguntzak Egitasmorako kontratatu dituzten bi langileek establezimenduei informazioa xehe-xehe emango dieten arren, udalak horren gaineko informazioa aurreratu du. Zerbitzuei dagokionean, itzulpen eta hizkuntza aholkularitza zerbitzua eskainiko du, testuak zuzentzeko. Horrez gain, informazio oharrak ere banatuko ditu zabalik-itxita, merkealdia, lehen/orain, oraintxe nator, menua euskaraz eta antzeko oharrekin. Merkatari eta ostalariei ere euskara eskolak emango dizkiete hala nahi izanez gero. Diru laguntzak, berriz, establezimenduaren errotulua, poltsak, eta webgunea euskaraz jartzera eta euskara eskoletara [...]
Beste urte batez, Errenteriako Udalak merkataritzan euskararen erabilera sustatzera zuzendutako Errenterian, hartu-eman bizian kanpaina jarri du martxan. Irune Balentziaga Euskara zinegotziak jakinarazi duenez, datozen sei hilabeteetarako bi pertsona kontratatu dituzte herriko komertzio eta ostalaritza establezimenduak banan-banan bisitatzeko. Euskararen presentzia areagotzeko lana egingo dute.
Balentziagaren arabera, bisita horiek bi helburu nagusi izango dituzte. Batetik, establezimenduak euskaraz dituen datuak eguneratzea, eta bestetik, udalak ematen dituen doako zerbitzu eta diru laguntzak ezagutaraztea. Zerbitzu eta diru laguntza horiek establezimenduetan euskararen erabilera sustatzera bideratu ditu udalak.
Euskararen presentzia, hain zuzen, “establezimenduaren kalitatearen ezaugarri garrantzitsua” dela nabarmendu du Euskara zinegotziak.
Errenteriako Udalarekin batera, Oarsoaldeko beste hiru udalek ere, Lezo, Pasaia eta Oiartzungoek, parte hartzen dute egitasmo horretan, eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean ari dira. Hain zuzen, proiektua Euskara Komertziora planaren barruan dago.
Zerbitzuak eta diru laguntzak
Egitasmorako kontratatu dituzten bi langileek establezimenduei informazioa xehe-xehe emango dieten arren, udalak horren gaineko informazioa aurreratu du. Zerbitzuei dagokionean, itzulpen eta hizkuntza aholkularitza zerbitzua eskainiko du, testuak zuzentzeko.
Horrez gain, informazio oharrak ere banatuko ditu zabalik-itxita, merkealdia, lehen/orain, oraintxe nator, menua euskaraz eta antzeko oharrekin. Merkatari eta ostalariei ere euskara eskolak emango dizkiete hala nahi izanez gero.
Diru laguntzak, berriz, establezimenduaren errotulua, poltsak, eta webgunea euskaraz jartzera eta euskara eskoletara zuzenduta egongo dira.
Langileak pasatu aurretik argibide gehiago nahi izanez gero, Euskara Departamendura jo dezakete interesdunek. Telefono bidez ere jar daitezke harremanetan, 943 44 96 13 zenbakira deituta, eta posta elektronikoaren alde eginez gero, berriz, euskaramerkataritza@errenteria.net helbidera idatzita.