Erlaitzeko errepidea moldatzea aztertuko dute aste honetan Kontseilu Orokorrean
Heldu den ostegun eta ostiralean Pauen egingo den Kontseilu Orokorreko osoko bilkuran, besteak beste, mugikortasunaren gainean eztabaida eginen dute eta, Departamentuko bost errepideei dagozkien planak aztertuko dituzte, horien artean Hendaia eta Zibur...
Heldu den ostegun eta ostiralean Pauen egingo den Kontseilu Orokorreko osoko bilkuran, besteak beste, mugikortasunaren gainean eztabaida eginen dute eta, Departamentuko bost errepideei dagozkien planak aztertuko dituzte, horien artean Hendaia eta Ziburu arteko Erlaitzeko errepidearena. Aipatuko diren beste azpiegiturak honako hauek izanen dira: Donibane Garaziko saihesbidea, Xiberoako bidea, Oloron-Pau errepidea eta Baiona-Pau-Tolosa Departamenduko 1. errepidea.
Aste honetakoa urteko azken osoko bilkura izanen da, eta bereziki bi gaien gaineko erabakiak hartuko dituzte, Taxe Professionnelle delakoaren banaketa sistema berria eta departamenduan kokatzen diren eta Akitaniako ondare handiko gune izendatu beri dituzten Montaner eta Morlanne gazteluen kudeaketa.
Eztabaida berezitua
Baina gai horiez gain, mugikortasunaren gainean eztabaida berezitua izanen dela aurreratu dute Kontseiluko lehendakari orde den Kotte Ezenarro hendaiarrak. Oposizioak luzaturiko eskaerari erantzunez, ondoko urtetan departamenduan burutzeko diren garraio egitasmoen gainean gogoetatuko dute, tartean, Erlaitzeko bideaz.
Adituen arabera bost eta hamar urte artean Erlaitzeko bideak itsasoruntz hondoratzeko arriskua du. Ezenarrok adierazi du Ziburu, Urruña eta Hendaiako herriko etxeak hortaz ohararaziko dutela. Paueko bilkuran azterketa bat egiteko premiaz mintzatuko dira. Berez, lauzpabost kilometrotan, “ahultasunak atzemanak izan dira bidean”, gehitu du Ezenarrok. Bidea egonkortzeko lanak proposatuko dituzte, baina Ezenarrok ez du baztertzen ibilbide berri bat zehaztu behar izatea.