Presoen aldeko mobilizazioak egingo dituzte hainbat eragilek
Baraualdiak eta elkarretaratzeak egingo dituzte, urtarrilaren 7ko manifestazioaren dinamikaren baitan
Urtarrilaren 7an euskal presoen aldeko manifestazioa egingo dute Bilbon. Manifestazio horretarako motorrak berotzeko, presoen aldeko ekimenak egingo dituzte eskualdeetan. Oarsoaldeari dagokionez, datorren astean mobilizazioak egingo dituzte Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan.
Asteartetik larunbatera mobilizazioak egingo dituzte Errenteria-Oreretan, eta Oiartzunen, berriz, astelehenean eta ostiralean. Horrela, mobilizazioa egingo duten lehenak Niessen enpresako langileak izango dira. 10:00etatik 10:15era elkarretaratzea egingo dute astelehen goizean, Urkiako biribilgunean.
Asteartean, berriz, Errenteria-Oreretan, baraualdia egingo dute eskualdeko gazteek. Arratsaldean, berriz, elkarretaratzea egingo dute zazpietatik aurrera.
Asteazkenean hezkuntzakoen txanda izango da, eta ikastetxeen aurrean bilduko dira. Ostegunean, berriz, mugimendu feministak hartuko du lekukoa. Gaur zortzi udaletako ordezkariek egingo dituzte baraualdiak. Gainera, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte, eguerdian. Ekimenarekin bukatzeko, gizarte eragileen eta herri mugimenduaren txanda izango da. Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan.
Bestalde, LAB sindikatuak urtarrilaren 7ko manifestazioarekin bat egin du, euskal presoak Euskal Herrian egon daitezen. Egun horretako manifestazioak «kolosala» izan behar duela adierazi dute.