Gipuzkoan langabezia tasa altuena duten bi eskualdeak dira Oarsoaldea (%13,25) eta Bidasoa (%13,93).
Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak jakinarazi duenez, azaroaren bukaeran urriaren 31n baino 295 langabe gehiago zeuden Oarsoaldean eta Bidasoan. Hala, azken hilabetean 114 langabe gehiago zeuden Bidasoan, eta 181 Oarsoaldean.
Horregatik guztiagatik, bi eskualdeak Gipuzkoako langabezia tasarik altuena dutenak dira: Bidasoan 5.516 langabe zeuden azaroaren 30ean (%13,93), eta 4.698 (%13,25) Oarsoaldean. Iazko hilabete berean 5.377 pertsona zeuden lanik gabe Bidasoan (%13,49), eta 4.327 (%12,17) Oarsoaldean. Beraz, Pasaian, Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen gehiago igo da langabezia azken urtean, Irunen eta Hondarribian baino. Gipuzkoan langabe gutxien dituzten eskualdeak Debagoiena (%9,13) eta Urola-Kosta (%9,92) dira.
Gipuzkoako batez besteko langabezia tasa %11,51koa da, eta lanik gabe 41.012 pertsona daude. Iazko azaroaren bukaeran 39.492 pertsona zeuden lanik gabe herrialdean.

Langabezia tasa igotzeko arrazoietako bat kaleratzeak dira.
«Txoke plana» egingo du Lanbidek langabetuekin Oarso Bidasoan
Euskal Autonomia Erkidegoan langabeziak eragin handiena duen eskualdetan landuko dute plan hori.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua «txoke plana» ari da prestatzen langabezia gehien eragiten ari den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualdeetan. Horien artean daude Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeak.
Eudel Euskadiko Udalerrien Elkartearekin batera jarriko du martxan «txoke plan» hori, eta datorren urtarrilaren 1ean hasiko dela jakinarazi dute. Oarsoaldeaz eta Bidasoaz gain, hiru herrialdeetako beste zazpi eskualdetan ere eragina izango du plan horrek.
Lau milioiko aurrekontua
Lanbidek iragarri duenez, lau milioiko aurrekontua izango du plan horrek. Guztira, bederatzi eskualde horietako 1.500 langabeturi eragingo die egitasmoak.
Plana garatzeko hainbat erakunde kontratatuko ditu enplegu zerbitzuak. Hala ere, baldintza bat bete behar dute erakunde horiek: egitasmoan parte hartzen duten langabetuen %35ak, gutxienez, lanpostua eskuratu behar duela. Zenbaki horretara iristen ez badira, zigor ekonomikoak jarriko dizkietela iragarri du Lanbidek.
Urtebete iraungo du planak,eta «langabetuen ondoan» egon nahi dute hasieratik. Horrela, euren kualifikazioa hobetzen lagundu nahi diete, eta langabetu horien lan ezaugarriekin bat egiten duten lanpostuetara bideratuko dituztela adierazi du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaien sailburuak.
«Beste jarduera batzuetara bideratu nahi ditugu, aukera gehiago izan dezaten», gaineratu du.