Edaria ordaindu eta pintxoa eraman
Ostalaritza ere ez da krisiaren atzaparretatik libratu. Sektoreak bizi duen gainbeherari aurre egin eta egoera iraultzeko ekimena abiatu dute Sindikato, Gailur, Zuketz eta Irrintzi tabernek. Krisiak irudimena zorroztu dio hainbati, halabeharrez. Horren adibide da Sindikato, Gailur, Zuketz eta Irrintzi tabernek hilabete honetan bertan martxan jarri duten Ostegun arratsaldeetako pintxoak ekimena. Horren barruan, hil honetako ostegunetan 19:30etik 21:00etara potea eskatzen duten bezeroek, pintxoa jasoko dute. Orain lau tabernek batera hasi duten ekimena, bakarka landu zuen aurretik, orain urtebete, Sindikato Tabernako Iñaki Nogueira Goral-ek: «Ikusi nuen krisia zela eta, hutsunea sortu zela, jendea gaizki pasatzen ari zelako. Hau katea da, bezeroek gaizki pasatzen badute horrek gugan eragina dauka. Gure bezeroei , beraz, zerbait eskaini nahi genien». Tabernetarako joera eta lehengo ohiturak indartzea da ekimenaren helburua. Hala ere, ez da berria. Goralek nabarmendu duenez, «antzekoak egiten ari dira Euskal Herrian barrena, Gasteizen eta baita Gipuzkoako hainbat herritan ere, besteak beste». Errenteria-Oreretan horrelako zerbait egitea egokia zela iruditu zitzaien hainbat tabernariei, «azken batean taberna pila dagoelako gure herrian, eta azken aldian ostalaritzaren inguruko mugimendua nahiko hilda dagoela ikusi genuelako», zehaztu du Sindikato Tabernako nagusiak. Ekimena zabaltzeko beharra Ostalaritza oso zigortuta dagoen sektorea dela esan du Goralek: «Joan den urteko irailetik asko jaitsi da tabernetako [...]
Ostalaritza ere ez da krisiaren atzaparretatik libratu. Sektoreak bizi duen gainbeherari aurre egin eta egoera iraultzeko ekimena abiatu dute Sindikato, Gailur, Zuketz eta Irrintzi tabernek.
Krisiak irudimena zorroztu dio hainbati, halabeharrez. Horren adibide da Sindikato, Gailur, Zuketz eta Irrintzi tabernek hilabete honetan bertan martxan jarri duten Ostegun arratsaldeetako pintxoak ekimena. Horren barruan, hil honetako ostegunetan 19:30etik 21:00etara potea eskatzen duten bezeroek, pintxoa jasoko dute.
Orain lau tabernek batera hasi duten ekimena, bakarka landu zuen aurretik, orain urtebete, Sindikato Tabernako Iñaki Nogueira Goral-ek: «Ikusi nuen krisia zela eta, hutsunea sortu zela, jendea gaizki pasatzen ari zelako. Hau katea da, bezeroek gaizki pasatzen badute horrek gugan eragina dauka. Gure bezeroei , beraz, zerbait eskaini nahi genien».
Tabernetarako joera eta lehengo ohiturak indartzea da ekimenaren helburua. Hala ere, ez da berria. Goralek nabarmendu duenez, «antzekoak egiten ari dira Euskal Herrian barrena, Gasteizen eta baita Gipuzkoako hainbat herritan ere, besteak beste».
Errenteria-Oreretan horrelako zerbait egitea egokia zela iruditu zitzaien hainbat tabernariei, «azken batean taberna pila dagoelako gure herrian, eta azken aldian ostalaritzaren inguruko mugimendua nahiko hilda dagoela ikusi genuelako», zehaztu du Sindikato Tabernako nagusiak.
Ekimena zabaltzeko beharra
Ostalaritza oso zigortuta dagoen sektorea dela esan du Goralek: «Joan den urteko irailetik asko jaitsi da tabernetako mugimendua, jende gutxiago dabil oro har, eta gure lana asteburuetara mugatuta dago gehienbat».
Hori irauli nahian, eta ostalaritza indartzeko bakarka egindako saiakera baino konpartituta «indar handiagoa» egitea dagoela jabetuta, elkartu egin dira lau tabernak. Goralek nabarmendu duenez, «saiakera bakarrik eginda badirudi bakoitza gure zilborrari begira ari garela eta horrekin ere amaitu nahi genuen».
Helburua orain, herriko beste taberna batzuetara heltzea da, «haiek ere ekimenarekin bat egin eta agian beste ekimen berri batzuk sortzeko elkarrekin», zehaztu du Goralek. Taberna batzuengana jo badute ere, ez dira guztietako atea jotzera heldu, «eta hemendik, iritsi ez garen horiei ere egin nahi diegu parte hartzeko deia», adierazi du.
Horretarako, interesdunek ekimena abiatu duten lau tabernetako batekin harremanetan jarri baino ez dutela jakinarazi du Sindikatoko nagusiak, «eta ditugun asmoen berri emango diegu. Halaber, beraiek ere ekarpenak egiterik izango dute, jakina».
Harremanetan jarritako beste taberna batzuek, berriz, ez dute bat egin ekimenarekin. Goralen ustez, «beldurra» dago horren atzean, «inbertsio bat egin behar duzulako, eta ez dakizulako emaitza zein izango den». Hala ere, inplikazioaren aldeko apustu garbia egin du. Abiatu berri duten ekimenaren atzean «konpetentzia» asmorik ez dagoela argi utzi du ostalariak, «bilatzen duguna, azken batean, ostalari guztientzat mesedegarria izango den taberna giroa indartzea baita».
Ostegun arratsaldeetako pintxoa ez da mugatuko, ordea, edatekoa eskatzeko unean bezeroei pintxoa oparitzera. Izan ere, hilaren 15ean trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, ekimenaren barruan: «Poteo garaia alaitzeko egingo dugu, jai giroa sortu, eta garai bateko bizitasuna berreskuratzeko».
Ekimenak izango dituen fruituak aurreratzerik ez badago ere, hasieran jendeari kostatuko zaiola zalantzarik ez du ostalariak: «Abendua oso hilabete ona da. Denak gaude kontsumitzeko prest eta herritarrek diru guztia opariak erosten gastatzen ez badute, behintzat, akaso apur bat gordeko dute tabernetara bildu eta bertan gastatzeko».