Heldu den igandean izango da Rotary Club elkarteak antolatzen duen Eguberrietako Elkartasun Kontzertuaren hamabosgarren ekitaldia. Bigarrenez, bildutako dirua Caritasen bitartez kudeatuko dute. Iaz premiazko beharrak asetzeko hamar mila produktu baino gehiago erosi zituzten eta aurten gehiago izatea espero dute. Bidasoko Caritasen bederatzi taldeek mila familiari laguntzen diete.
Joan den ostiralean aurkeztu zuten eguberrietako kontzertua Irungo udaletxeko bilera aretoan. Bertan izan ziren Belen Sierra Udaleko Kultura arloko ordezkaria, Fernando Jimenez Junkaleko Ama eliz parrokiko apaiza, Fernando Etxepare Ametsa Abesbatzako zuzendaria, eta Ramon Martinez eta Jose Mari Fuertes Irungo Rotary Club elkarteko kidea.
XV. ekitaldia beteko du aurten Rotary Clubeko Eguberrietako Elkartasun kontzertuak. Belen Sierrak musika eta elkartasuna uztartzen dituen Rotaryren ekimena laguntzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuen zuen. “Pozik gaude kausa zuzen baten alde laguntza ematen ari garelako”, esan zuen.
Bederatzi talde eskualdean
Rotary Clubek antolatutako Eguberriko kontzertuak elkartasuna du helburu. Iaz, lehen aldiz, bildutako dirua eskualdeko Caritasera bideratu zuten. Irun eta Hondarribiko bederatzi parrokietan ehunka pertsona laguntzen dituztela gogorarazi zuen ostiralean Fernando Jimenez Junkaleko Amaren eliz parrokiko apaizak, laguntza elkartearen izenean.
Junkaleko Amako taldeak 179 familiari laguntza ematen diela azaldu zuen, 500 lagun ingururi. “Nire parrokiako datuak dira, baina Familia Santua eta Pasiotarren elizan, eta Hondarribiko parrokian antzerakoak izango dira; gainontzekoetan, komunitate txikiagoak dira”, azaldu zuen Jimenezek.
Irunen eta Hondarribian hiru mila lagun inguruk jasotzen du Caritasen laguntza; lan handia, Jimenezen esanetan: “Kasu bakoitzaren jarraipena egin behar da, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri, janari eta arropa sortak prestatu eta banatu, argia mozten dietenei dirua eman…”.
Kontzertu bat, bi zati
Eguberrietako kontzertua Junkaleko Amaren elizan egingo dute, igandean, hilaren 11n. Ametsa Abesbatzak eta Ma non Troppo orkestrak parte hartuko dute, eta beraiekin batera, Leticia Bergara mezzosopranoa eta Juan Navarro eta Sara Zufiaurre klarinetistak ariko dira bakarlari. Ametsako Fernando Etxeparek jardungo du zuzendari lanetan.
Kontzertuak bi zati izango dituela iragarri zuen Etxeparek. Lehen zatian Bach, Mozart, Haendel, Vivaldi eta Mendelsohnen obrak interpretatuko dituzte, eta bigarren zatian Euskal Herriko Gabon kantak. “Bukaera herrikoiagoa izango da. Oro har, uste dut kontzertua publikoarentzako erakargarria izango dela; pieza laburrak dira, entzuteko errazak, eta ezagunak”, gehitu zuen.
Hamar mila produktutik gora
Ramon Martinez Irungo Rotary Clubeko presidenteak udalaren, Caritasen eta babesleen laguntza eskertu zuen: “Haiek gabe hamabost ekitaldietatik bakarra ere ezinezkoa izango litzateke”. Martinezek onartu zuen iaz espero zutena baino jende gutxiago agertu zela. Hala ere, babesleen ekarpenen ondoren, 8.274 euro bildu zituztela jakinarazi zuen: “Horrekin 10.300 produktu erosi genituen”.
Caritasek zer behar zuen esan zigun, eta guk bildutako dirua eskatutakoa erosteko baliatu genuen. Caritasek banatu zuen materiala”. Martinezek gaineratu zuen iaz “txundituta” geratu zela eskualdeko Caritasek antolamendurako duen gaitasuna gertutik ezagutzean.
Aurten kontzertua arratsaldeko zazpietan hasiko dela nabarmendu zuen Irungo Rotary Clubeko presidenteak, eta ez zortzietan, orain arteko ekitaldietan bezala: “Aurtengo emanaldia luzeagoa izango da, ordu pare batekoa, eta horregatik erabaki dugu lehenago hastea”.
Sarrerak iaz baino erritmo hobean saltzen ari direla ere aipatu zuen. 15 euro balio dute, eta ohiko lekuetan eros daitezke. Igandean, Junkaleko Amaren atarian ere jarriko dituzte sarrerak salgai.