Oarsoarrak sariak 2011: euskara zineman, eta bizitza osoan
Euskararen normalizazioarekin zerikusi zuzena duten eragileetako eta eskualdeko udaletako ehun kide inguru bildu ziren ostiral eguerdian Manuel Lekuona Bibliotekan. Espero bezala, Oarsoarrak sarien 2011ko banaketa ekitaldia, berezia eta jendetsua izan zen: lau herrietako korporazioak, udal teknikariak, Oarsoaldeko teknikariak, saritutako sektoreko agenteak, Oarsoaldearen egitasmoekin lotura duten eragileak, eskualdeko komunikabideak, gizarte eragileak (ikastetxeak, kultur elkarteak, euskaltegiak…)… izan ziren bertan. Naroa Iturri eta Joxe Juan Ugalde kazetariek izan zuten ekitaldia aurkezteko ardura. Hasteko, Oarsoaldeko lau herrietako alkateak aurkeztu zituzten, eta alkateek sarien nondik norakoen berri eman zuten. Lehenengo, Oiartzungo Aiora Perez de San Romanek sartu zuen hitza, Julen Mendoza Errenteria-Oreretakoak gero, Pasaiako Amaia Agirregabiriak hirugarren tokian, eta Ainhoa Zabalok azkenik. Sari banaketa Alkateen hitzen ondoren, sari banaketaren txanda izan zen. Lehenengo, ohorezko aipamenaren diploma banatu zuten: bizitza ibilbideari errekonozimendua. Inaxio Albisuri eman zioten: «Euskarako eskolak emanez, eta euskararekiko maitasuna nonhai zabalduz, gure hizkuntzari jendartean eta herrigintzan bere lekua egiten laguntzen diolako». Pozik jaso zuen saria Albisuk, eta eskerrak emateaz gain, gazteetako hainbat istorio kontatu zituen. Txikitatik euskalduna izan arren, hainbat urtez gaztelaniaz bakarrik egin zuen, eta euskara galdu zuen. Urte batzuek beranduago berreskuratu zuen, eta ordutik euskararen alde aritu da lanean. Euskarak, gainera, bizitzako une ilun batean salbatu egin zuela jakinarazi zuen. Oarsoarrak [...]
Euskararen normalizazioarekin zerikusi zuzena duten eragileetako eta eskualdeko udaletako ehun kide inguru bildu ziren ostiral eguerdian Manuel Lekuona Bibliotekan.
Espero bezala, Oarsoarrak sarien 2011ko banaketa ekitaldia, berezia eta jendetsua izan zen: lau herrietako korporazioak, udal teknikariak, Oarsoaldeko teknikariak, saritutako sektoreko agenteak, Oarsoaldearen egitasmoekin lotura duten eragileak, eskualdeko komunikabideak, gizarte eragileak (ikastetxeak, kultur elkarteak, euskaltegiak…)… izan ziren bertan.
Naroa Iturri eta Joxe Juan Ugalde kazetariek izan zuten ekitaldia aurkezteko ardura. Hasteko, Oarsoaldeko lau herrietako alkateak aurkeztu zituzten, eta alkateek sarien nondik norakoen berri eman zuten. Lehenengo, Oiartzungo Aiora Perez de San Romanek sartu zuen hitza, Julen Mendoza Errenteria-Oreretakoak gero, Pasaiako Amaia Agirregabiriak hirugarren tokian, eta Ainhoa Zabalok azkenik.
Sari banaketa
Alkateen hitzen ondoren, sari banaketaren txanda izan zen. Lehenengo, ohorezko aipamenaren diploma banatu zuten: bizitza ibilbideari errekonozimendua. Inaxio Albisuri eman zioten: «Euskarako eskolak emanez, eta euskararekiko maitasuna nonhai zabalduz, gure hizkuntzari jendartean eta herrigintzan bere lekua egiten laguntzen diolako».
Pozik jaso zuen saria Albisuk, eta eskerrak emateaz gain, gazteetako hainbat istorio kontatu zituen. Txikitatik euskalduna izan arren, hainbat urtez gaztelaniaz bakarrik egin zuen, eta euskara galdu zuen. Urte batzuek beranduago berreskuratu zuen, eta ordutik euskararen alde aritu da lanean. Euskarak, gainera, bizitzako une ilun batean salbatu egin zuela jakinarazi zuen.
Oarsoarrak Euskararen Saria 2011, berriz, Telmo Esnalek jaso zuen. Berari eta Asier Altunari, bi zinema zuzendariei emandakoa da: «Herri honek euskarazko zinemagintzan izan dezan egindako lanaren errekonozimendu gisa».
Zuzendariek egindalako lana nabarmendu zuten sari banaketan: «Izan ere euskarak funtzioak eta esparruak irabazi behar ditu normalizazio osara heltzeko. Telmo eta Asierri esker, zinemaren benetako euskalduntzea bideragarria dela ikusi dugu. Hasi eta bukaeuskaraz eginiko pelikulak, dokumentalak eta era guztietako produkzioak gero eta gehiago dira».
Esnalek, Altunaren hitz batzuk irakurri zituen lehenengo (Altuna Kuban zegoen, Bertsolari filma promozionatzen). Eskerrak eman zizkien sari banatzaileei sariagatik. Gero, Esnalek, Altunaren hitzak osatu zituen: «Pozik hartu dugu saria, pozgarria delako sarriak jasotzea, baina halako saririk urte askotan ez banatzea espero dugu. Halako saririk ez emateak esan nahiko du euskara normalizatuta dagoela».
Ekitaldia bukatzeko, Oarsoaldeko zuzendari eta gerente Beatriz Brosak hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien saridunei, zoriondu egin zituen, eta horiek aukeratzen parte hartu dutenei ere eskerrak eman zizkien. Izan ere, aurten herritarrek proposamenak egiteko aukera izan dute, eta hainbat parte hartu dute.
Saria eta Oarsoarrak
Euskara bera eta euskararen normalizazioaren aldeko lana prestijiatzea da sari horien helburu nagusia: «Eragin positiboa izan nahi dugu gizartean eta euskararen normalizazioan eragin positiboa izan dezaketen jarrerak sustatu nahi ditugu». Iaz banatu zituen lehenengo aldiz Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.
Izena, berriz, batzorde horrek sortutako komunitatetik dator: «Izan ere, Oarsoarrek, jende taldeak edo motak ordezkatzen dituzte, eta sariek ere alor eta zeregin guztietako banakoek eta taldeek euskara biziberritzeko egiten duten lana ezagutaratzi eta saritu nahi dute».