
Esnal, Albisu, eta Oarsoaldeko udaletako alkateak
Euskararen Egunaren harira, Oarsoarrak Euskararen Saria eman du bigarren urtez jarraian Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak izan dira aurtengo sarituak, “hasierako ideiatik pantailara arteko lan guztiak euskaraz egiteagatik eta herri honek euskarazko zinemagintza izan dezan egindako lanagatik”. Inaxito Albisuk ere aipamen berezia jaso du, “euskararen alde egindako bizitza ibilbideagatik”.
Oarsoarrak Euskara Sariaren sari-emate ekitaldia gaur eguerdian izan da Oiartzungo Manuel Lekuona Biblikotekan. Hamarnaka lagun elkartu dira ekitaldian, besteak beste, Oarsoaldeko lau udalerrietako ordezkariak, udal teknikariak, urte osoan zehar Oarsoaldeko Euskara Batzordearen lan-mahaietan parte hartzen duten eragileak eta abar.
Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak Pasaian bizi dira, eta ibilbide luzea egin dute zinemagintzan. Haien azkeneko bi lanak Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan dira:
Urteberri on Amona (Telmo Esnal) eta
Bertsolari (Asier Altuna), biak ala biak euskarazko filmak. Inaxito Albisu errenteriarra, berriz, hainbat eta hainbat urtez aritu da euskara eskolak ematen. Euskararekiko maitasuna nonahi zabaldu du eta jendartean eta herrigintzan bere lekua egiten lagundu dio euskarari.
Oarsoarrak Euskararen Sariko epaimahaia Gema Cesek, Juanra Canok, Arantxa Urbek, Jon Martinek eta Joseba Etxegoienek osatu dute. Aurten gainera, herritarren parte hartzea aipagarria izan da. Izan ere, webgunean proposamenak egiteko aukera jarri da eta hainbat proposamen iritsi dira. Aurrera begira ere, Oarsoaldeko biztanleen parte hartzeak bide beretik jarraitzea espero du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.