Expomarket, hilaren 3tik 6ra, Ficoban
Expomarket azokarekin, Eguberrietako aldia zabalduko du asteburu honetan Irungo Ficoba erakustazokak. Sektore anitz biltzen dituen azoka da Expomarket. Antolatzaileen ustez, aniztasunak erakartzen ditu bisitariak; iaz, 21.000 bisitari jaso zituen azoka...
Expomarket azokarekin, Eguberrietako aldia zabalduko du asteburu honetan Irungo Ficoba erakustazokak. Sektore anitz biltzen dituen azoka da Expomarket. Antolatzaileen ustez, aniztasunak erakartzen ditu bisitariak; iaz, 21.000 bisitari jaso zituen azokak.
Aurten, 65 erakusmahai baino gehiago jarriko dituzte. Besteak beste, moda, kosmetika, etxebizitza eta dekorazioa, gastronomia eta zerbitzuen gaineko gaiak izango dira erosleen eskura. Sarreraren salneurria bi eurokoa izango da, baina astelehenean ez da ezer ordaindu beharko.
Artisautzaren erakustokia
Expomarket azokaren barruan, toki berezia egin nahi izan diete Gipuzkoako artisauei. Lehen pabilioian, Artisautzaren II. Erakustokia jarriko dute, Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteak bultzatuta. Herrialdeko 26 eskulangile bilduko dira, ia jarduera guztietakoak: egur zizelkatzaileak, egurrezko jostailuak egiten dituztenak, koadernatzaileak… Gainera, horien lana bertatik bertara ikusteko aukera egongo da; egunero, 12:00etatik 13:00etara, eta 17:30etik 19:00etara. Hilaren 3an artilearen eguna izango da; 4an, beirarena; 5ean, birziklatzearen eguna; eta 6an, argiztatzearen eta kaligrafiaren eguna.
Eskulangileen erakusketak Expomarket azokaren ordutegi berbera izango du.