Beharra dutenek badute zer jan
Elikagaien bankuak 2010eko memorian jaso duenez, hilabetero 16.000 pertsonari eman zien janaria iaz Gero eta gehiago dira beharra duten herritarrak. Gipuzkoan berez pobrezian bizi ziren pertsonei gehitu egin zaizkie krisialdi ekonomikoagatik diru sarrera gutxiago dituzten familiak; nabarmen, gainera. Beharrean dauden pertsona horiei guztiei sostengua ematen dietenen artean dago Gipuzkoako Elikagai Bankua: iaz, janari eskaria handitu arren, inoiz baino jende gehiagori eman zioten jatekoa. Hala, 2009an, batez beste eta hileko, elikagai bankuak 15.000 pertsonaren beharra ase zuen; 2010ean, berriz, 16.000rengana iritsi zen. Hau da, onuradun kopurua zehatza ez bada ere, iaz 192.000 laguni eman zizkioten behar-beharrezko elikagaiak Gipuzkoan. Iaz %188 handitu zen jasotako elikagai kopurua. Horixe dio, behintzat, bankuak kaleratu duen 2010eko memoriak. Gipuzkoako Elikagai Bankuaren egoitza nagusia Oiartzungo Lanbarren industrialdean dago —Bergaran beste egoitza bat ireki du aurten—. Apalez betetako biltegi erraldoi bat da, eta boluntarioek etenik gabe lan egiten dute han: boluntario gehienak erretiroa hartutako pertsonak dira. Herritarrek, erakundeek eta supermerkatuek ematen dizkiete jakiak, doan, eta bankuko boluntarioek sailkatu egiten dituzte Oiartzungo pabiloian; gero, janaria banatzen duten erakunde eta taldeei ematen dizkiete. Hala, zifra zehatzetan, Gipuzkoako Elikagai Bankuko kideek 1.113.900,94 kilo janari bildu zituzten iaz. «Oso pozik gaude iaz jaso genuenarekin; izan ere, 2009ko datuen aldean, jasotakoa nabarmen igo [...]
Elikagaien bankuak 2010eko memorian jaso duenez, hilabetero 16.000 pertsonari eman zien janaria iaz
Gero eta gehiago dira beharra duten herritarrak. Gipuzkoan berez pobrezian bizi ziren pertsonei gehitu egin zaizkie krisialdi ekonomikoagatik diru sarrera gutxiago dituzten familiak; nabarmen, gainera. Beharrean dauden pertsona horiei guztiei sostengua ematen dietenen artean dago Gipuzkoako Elikagai Bankua: iaz, janari eskaria handitu arren, inoiz baino jende gehiagori eman zioten jatekoa.
Hala, 2009an, batez beste eta hileko, elikagai bankuak 15.000 pertsonaren beharra ase zuen; 2010ean, berriz, 16.000rengana iritsi zen. Hau da, onuradun kopurua zehatza ez bada ere, iaz 192.000 laguni eman zizkioten behar-beharrezko elikagaiak Gipuzkoan. Iaz %188 handitu zen jasotako elikagai kopurua. Horixe dio, behintzat, bankuak kaleratu duen 2010eko memoriak.
Gipuzkoako Elikagai Bankuaren egoitza nagusia Oiartzungo Lanbarren industrialdean dago —Bergaran beste egoitza bat ireki du aurten—. Apalez betetako biltegi erraldoi bat da, eta boluntarioek etenik gabe lan egiten dute han: boluntario gehienak erretiroa hartutako pertsonak dira. Herritarrek, erakundeek eta supermerkatuek ematen dizkiete jakiak, doan, eta bankuko boluntarioek sailkatu egiten dituzte Oiartzungo pabiloian; gero, janaria banatzen duten erakunde eta taldeei ematen dizkiete.
Hala, zifra zehatzetan, Gipuzkoako Elikagai Bankuko kideek 1.113.900,94 kilo janari bildu zituzten iaz. «Oso pozik gaude iaz jaso genuenarekin; izan ere, 2009ko datuen aldean, jasotakoa nabarmen igo zen iaz. Beraz, banatutakoa ere gehiago izan zen», onartu du Jose Ignacio Sanchezek, Gipuzkoako Elikagai Bankuaren bozeramaileak.
Igoeraren arrazoiak
Jasotako jakien gorakada azaltzeko, Sanchezek hiru atal nabarmendu ditu. Batetik, Europako Batasunak asko handitu zuen ekarpena, 2009an baino %80 gehiago eman zuelako. Bestetik, kanpainak egin zirenean, norbanakoek ere janari gehiago eman zuten. Horrez gain, Sanchezek garrantzi berezia eman dio Azken Minutua izeneko ekintzari: «Donostia aldeko eta Bergara aldeko supermerkatuetatik ia egunero jasotzen dugu janaria. Azken Minutuaren barruan, kolperen bat duten produktuak jasotzen ditugu, eta iraungitze data amaitzear dutenak ere bai; baita, besterik gabe, merkataritza gune horiek nahi ez dituztenak ere. Fruta, barazkiak eta haragia ere jasotzen ditugu. Bi urte dira ekintza hori abian jarri genuela aldundiarekin elkarlanean, eta, guretzat lan handiagoa den arren, emaitza oso ona izan da».
Sanchezen arabera, egunero furgonetetan jasotzen dituzte jakiak, baina haiek ez dira «gai furgoneta horiek gidatzeko», gehienek erretiroa hartua dutelako: «Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu egin digu zeregin horretan». Jaso eta hurrengo egunean bertan banatzen dituzte Azken Minutuan jasotako gaiak.
Bankuaren bozeramaileak beste gai baten inguruan ere hitz egin du; janaria jasotzen dutenen soslaiaz, hain zuzen: «Etorkinak eta diru sarrera urriak dituzten familiak etortzen dira janari bila. Azkenaldian, bigarren horiek ugaritu egin dira krisiaren ondorioz».
Aurtengo urtea, hobea
Oraindik ez da urtea bukatu, baina Gipuzkoako Elikagai Bankuak emaitza onak iragarri ditu 2011rako. Jose Ignacio Sanchezek uste du iaz baino 400.000 kilo gehiago jasoko dutela. «Hori asko da. Gipuzkoako hainbat tokitan egin ditugun kanpainei esker izan da gorakada hori. Jendeak gehiago ematen du, hala nahi duelako. Ikusgarria da herritarren erantzuna».
Bankuak, 2011rako, honako helburu hau hitzartu du: 211.000 pertsonarengana iristea, hain zuzen ere. Horretarako, boluntarioak gogor dabiltza lanean. Gaur egun, 163 taldek, erakundek eta elkartek ematen duten laguntzari esker, janari banaketa Gipuzkoako 39 herritara iristen da. Eta hortxe jarri dute indar berezia: herrialdeko txoko guztietara iritsi nahi dute, ez baitute jakirik utzi nahi Oiartzungo Lanbarren poligonoko apaletan gordeta.

