2012an “gutxiagorekin hobeto kudeatzeko erronka” du Gobernu Taldeak
“Gutxiagorekin hobeto kudeatzeko erronkari aurre egin” nahi dioten aurrekontuak aurkeztu zituen atzo Gobernu Taldeak 2012 urteari begira. Zerbitzuen kalitatea mantentzearen aldeko apustua egitearekin batera, inbertsioen zati handi bat udalerriaren bizitza kalitatea hobetze aldera bideratu dutela adierazi du Gobernu Taldeak: “Horretarako, jarduera ekonomikoa eta herri partaidetza sustatzea da oinarria”. Julen Mendoza alkateak, Jon Txasko Ogasuneko zinegotziak eta Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako ordezkariak, datozen lau urteak “obra handien garaia baino, ideien legegintzaldia izatea” dutela helburu zehaztu zuten atzo goizean 2012 udal aurrekontuak aurkezteko egin zuten agerraldian. “Krisi sakonak” aurrekontuetan eragin handia izan duela zehaztu zuen Mendozak, eta hori horrela, gastuak murrizteko “ariketa gogorra” egin behar izan dutela azaldu. Hala ere, hasieratik jarritako “marra gorria” errespetatu eta Gizarte Zerbitzuetako gastua bere horretan mantenduko dutela zehaztu zuen. 45.264.000 euro guztira Aurrekontuarekin batera, 2012 eta 2015 urte arteko Ekonomia eta Finantza Plana aurkeztu ditu Bildu koalizioak eta Errenteriako Ezkerrak osatzen duten Gobernu Taldeak. “Ez da derrigorrezko txostena, datozen lau urteetan sarrerak, inbertsioak eta gastuak nondik nora joango diren azaltzeko baizik, eta gure ikuspegia eta lan ildoen berri emateko”. Guztira, 45.264.000 euroko aurrekontua aurkeztu du Gobernu Taldeak: iazkoa baino 700.000 euro gutxiagokoa izango da, beraz, aurtengo aurrekontua. Jon Txaskok emandako datuen arabera, guztira 480.000 euro [...]
“Gutxiagorekin hobeto kudeatzeko erronkari aurre egin” nahi dioten aurrekontuak aurkeztu zituen atzo Gobernu Taldeak 2012 urteari begira. Zerbitzuen kalitatea mantentzearen aldeko apustua egitearekin batera, inbertsioen zati handi bat udalerriaren bizitza kalitatea hobetze aldera bideratu dutela adierazi du Gobernu Taldeak: “Horretarako, jarduera ekonomikoa eta herri partaidetza sustatzea da oinarria”.
Julen Mendoza alkateak, Jon Txasko Ogasuneko zinegotziak eta Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako ordezkariak, datozen lau urteak “obra handien garaia baino, ideien legegintzaldia izatea” dutela helburu zehaztu zuten atzo goizean 2012 udal aurrekontuak aurkezteko egin zuten agerraldian. “Krisi sakonak” aurrekontuetan eragin handia izan duela zehaztu zuen Mendozak, eta hori horrela, gastuak murrizteko “ariketa gogorra” egin behar izan dutela azaldu. Hala ere, hasieratik jarritako “marra gorria” errespetatu eta Gizarte Zerbitzuetako gastua bere horretan mantenduko dutela zehaztu zuen.
45.264.000 euro guztira
Aurrekontuarekin batera, 2012 eta 2015 urte arteko Ekonomia eta Finantza Plana aurkeztu ditu Bildu koalizioak eta Errenteriako Ezkerrak osatzen duten Gobernu Taldeak. “Ez da derrigorrezko txostena, datozen lau urteetan sarrerak, inbertsioak eta gastuak nondik nora joango diren azaltzeko baizik, eta gure ikuspegia eta lan ildoen berri emateko”.
Guztira, 45.264.000 euroko aurrekontua aurkeztu du Gobernu Taldeak: iazkoa baino 700.000 euro gutxiagokoa izango da, beraz, aurtengo aurrekontua. Jon Txaskok emandako datuen arabera, guztira 480.000 euro gutxiago jasoko ditu udalak Foru Funtsaren murrizketen ondorioz. “Krisiaren eraginez eta diru sarreren murrizketarekin inbertsioak murriztu egingo ditugu (%20,8 guztira), baina horrek ez du esan nahi inbertsiorik ez dela izango”, zehaztu du Mendozak. Hala, egingo dituzten inbertsioen artean, Beraungo igerilekuak amaitzea aurreikusi dute, eta horretarako 800.000 euro erabiliko dituzte. 2012ko ekainean aldagela moduluekin zabalduko lituzkete, eta 2013ko ekainerako obra guztia bukatzea espero dute.
Errenteriaren Plan Estrategikoa abiatzea litzateke aurreikusitako beste inbertsioa, eta halaber, beste diru sail bat, zortzi urte bete dituen Plan Orokorra aztertzeko erabiliko dute. 135.000 euro eta 93.500 euro bideratuko dituzte aurreko biak egiteko, hurrenez hurren.
Kulturari begira ere egingo ditu Gobernu Taldeak inbertsioak, “herriak kultura bizitza handia duelako, eta hori indartzeak komertzioaren aktibazioa ekarriko duelako”, zehaztu du Mendozak.
Ingurumenarena da 2012rako proposatutako aurrekontuan igoera handiena izan duen diru saila: %178 igo da. Sail horretan, Ingurumena zaintzeko 140.000 euro aurreikusi dituzte. Ingurumen kanpainak egin eta goi mailako teknikaria kontratatuko dituzte.
16an, herritarrekin batzarra
Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako ordezkariak aurrekontua “inprobisazioa” ez dela eta zenbakien atzean “ideiak eta proiektuak” daudela defendatu du. Horren harira, “arduraz” jokatzeko eskatu die Mendozak oposizioko alderdiei aurrekontuak onartzeko garaian. Aurrekontu proposamena hilaren 20an egingo duten udalbatzarrean aztertuko dute. Aurretik, baina, herritarrekin partekatu nahi du proposamena Gobernu Taldeak, eta horretarako, batzarra deitu du eragile eta norbanakoekin hilaren 16an, Reina aretoan, 18:30etik aurrera.