Israelen egindako jostailuak ez erosteko deia egin du Askapenak
Azaroaren 29a Palestinarrenganako Nazioarteko Elkartasun Eguna da, eta egun horren harira, kanpaina berria jarri du martxan Oarsoaldeko Askapena mugimenduak. Gabonak laster etorriko direla eta, Israelen egindako jostailuak ez erosteko eskatu du. Funtsean, helburua made in Israel jostailuak (729 barra kodea dutenak) ez salerostea da: “Izan ere, gaur egun Imaginarium, Toys ‘R’ Us eta Afede bezalako dendetako adin txikiko haurren apaletan sarritan aurki baitaitezke jostailu horiek”.
Ekimen hori 2005ean hasi zen BDS Boycott, Divestment and Sanctions (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) nazioarteko kanpainatik dator. Kanpaina horrek Israel presionatzea du helburu, “okupazioa, koloniak eta harresiekin amaitzeko, Israelen bizi diren palestinarren eskubideak bermatzeko eta errefuxiatuek beren etxeetara itzultzeko duten eskubidea bete arte”, azaldu dute Askapenetik.
Jostailuei dagokienez, “onartezina” dela iritzi dio Askapenak “gerra krimenak egiten dituen estatu baten lantegietan eraikitako jostailuak saltzea”. Gaineratu duenez, zapalkuntzaren bidez, “haur palestinarrei etengabe debekatzen zaie haur izatea edo jolas egiteko eskubidea bera”.
Askapenetik “1948ko Nakba egunetik egunerokoan gertatzen diren palestinarren aurkako jazarpen, bazterketa, arrazakeria eta erasoak” gogorarazi dituzte.