Gipuzkoako hainbat herritan iruzurrezkoak izan daitezkeen gas azterketak egin dituen enpresa bat atzeman dutela jakinarazi du Oarsoaldeko Kontsumitzaleen Informaziorako Bulegoak. Etxez etxe joaten dira gas azterketa egin behar dutela esanez, eta goma eta erreguladorea aldatu ondoren 100 euro inguru kobratzen dituzte. Ez dute, ordea, benetako gas azterketa egiten eta bezeroari ez diote azterketa ziurtagiria ematen.
Egoera horren aurrean, honako gomendioak egin ditu Oarsoaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoak:
- Gas naturalaren kasuan, Naturgasen aldez aurretiko abisua jaso behar dute herritarrek gas azterketa egiteko. Eskutitz bat bidaliko dute gas azterketaren eguna eta ordua zehaztuz. Azterketa hori gas fakturarekin batera ordaintzen da.
- Butanoaren kasuan, Repsolek eskutitz bat bidaliko du azterketa egiteko garaia dela esanez, eta herritarrei deitu behar diote enpresa instalatzaileari azterketa egin dezan. Aurrekontua eskatzea komeni da, prezioak libreak baitira.
- Etxera etortzen den langileari instalatzaile karneta eta enpresaren akreditazioa eskatu behar zaio.
- Instalatzaileak lana bukatzen duenean, azterketa ziurtagiria eta faktura eskatu behar da. Ziurtagiririk ez jasotzea, azterketa ez egitea bezalakoa da. Legalki ez du ezertarako balio.
- Edozein zerbitzu eskatu aurretik, aurreko ziurtagiria indarrean ote dagoen begiratu.
Argibide gehiago izateko Oarsoaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegora jo daiteke (Olibet 6, Errenteria-Orereta). Ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. Telefono zenbakia: 943 51 01 11 (arretarako ordutegia, astelehenetik ostegunera, 08:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara; ostiraletan, 08.00etatik 14:00etara).