Plaza azpira bidaia
Eguberrietarako amaituko dute Irungo obrarik handiena, San Juan Harria plazako lur azpiko aparkalekukoa. Gabonetarako prest egongo da, azken ukituak besterik ez dira falta, baina dagoeneko trasteak jaso dituzte eta hautsa kendu dute. Bisitatzeko moduan jarri dute, eta horixe bera da hilaren 26an egingo dutena: bisitatu. Ate irekietako jardunaldia antolatu dute heldu den larunbat goizerako. Ostiralean aurkeztu zuten ekimena Cristina Laborda Bide Publiko eta Obretako ordezkaria eta Juanjo Jaunarena Irunvi-Etxebizitzarako Sozietate Publikoaren kudeatzailea bertan zirela. Labordak larunbatean zer erakutsiko duten azaldu zuen: “Batez ere bi solairuak, bigarrena eta hirugarrena, ezagutarazteko helburua dute bisitek; solairu horiek dira, hurrenez hurren, txandakako eta jabetzako aparkalekuetarako ezarri direnak, eta ateak abenduaren bigarren hamabostaldian zabalduko dituztenak”. Iaz ere San Juan Harria plaza azpiko lanak bisitatzeko aukera izan zen, antzerako jardunaldi batean; noski, lanak askoz atzeratuago zeuden, eta apenas antzeman zitekeen gaur egun ikusi daitekeena. Izan ere, egun, lanak oso aurreratuta daude, batik bat bigarren eta hirugarren solairukoak. Iazko eta aurtengo bisitek zerikusi gutxi dutela azaldu zuen Labordak: «Orduan dena obretan zegoen, eta bisitan parte hartu zutenek, leku berriaren nolabaiteko ideia bat egin ahal izan zuten, planoen bitartez eta erabat obretan zegoen ingurune batean, txaleko, kasko eta guzti behar izan zutelarik». Orain, aparkalekua erabat amaituta, margotuta eta [...]
Eguberrietarako amaituko dute Irungo obrarik handiena, San Juan Harria plazako lur azpiko aparkalekukoa. Gabonetarako prest egongo da, azken ukituak besterik ez dira falta, baina dagoeneko trasteak jaso dituzte eta hautsa kendu dute. Bisitatzeko moduan jarri dute, eta horixe bera da hilaren 26an egingo dutena: bisitatu. Ate irekietako jardunaldia antolatu dute heldu den larunbat goizerako.
Ostiralean aurkeztu zuten ekimena Cristina Laborda Bide Publiko eta Obretako ordezkaria eta Juanjo Jaunarena Irunvi-Etxebizitzarako Sozietate Publikoaren kudeatzailea bertan zirela. Labordak larunbatean zer erakutsiko duten azaldu zuen: “Batez ere bi solairuak, bigarrena eta hirugarrena, ezagutarazteko helburua dute bisitek; solairu horiek dira, hurrenez hurren, txandakako eta jabetzako aparkalekuetarako ezarri direnak, eta ateak abenduaren bigarren hamabostaldian zabalduko dituztenak”.
Iaz ere San Juan Harria plaza azpiko lanak bisitatzeko aukera izan zen, antzerako jardunaldi batean; noski, lanak askoz atzeratuago zeuden, eta apenas antzeman zitekeen gaur egun ikusi daitekeena. Izan ere, egun, lanak oso aurreratuta daude, batik bat bigarren eta hirugarren solairukoak.
Iazko eta aurtengo bisitek zerikusi gutxi dutela azaldu zuen Labordak: «Orduan dena obretan zegoen, eta bisitan parte hartu zutenek, leku berriaren nolabaiteko ideia bat egin ahal izan zuten, planoen bitartez eta erabat obretan zegoen ingurune batean, txaleko, kasko eta guzti behar izan zutelarik».
Orain, aparkalekua erabat amaituta, margotuta eta zabaltzeko prest dagoela bisitatuko dute; bisitalditik hogei bat egunetara irekiko dute aparkalekua, Labordaren arabera.
Espero baino lehenago
Berez, lanak 2012ko urtarrilaren bukaerarako amaitu behar dituzte, baina Irungo Udalak dagoeneko ziurtatu du Eguberrietarako lur azpiko aparkalekua bukatuta eta San Juan Harria plaza egokituta egongo dela. Dena ondo, San Juanen ospatuko da Olentzero eta Gabon Kanten Lehiaketaren aurtengo ekitaldia.
Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek udaletxeko arkupeetan agertu beharko dute, zehaztuko zaien orduan. Hortik, aparkalekuak Prudencia Arbide kalean izango duen sarrerara mugituko dira, bisita han hasteko. Hamar eta hogei lagun arteko taldeak osatuko dituzte.
Ibilbideak aparkalekuko hiru solairuak zeharkatuko ditu, eta udal liburutegi berrirako aukeratutako lekua ere bisitatuko dute; liburutegia ekipatzeko lanak ez dituzte oraindik hasi, baina kokapena zehaztuta dago. Bisitariak Leon Iruretagoiena kaleko ibilgailuentzako arrapalatik irtengo dira; bisita bertan bukatuko dute.
Lekuak salgai
Jardunaldia azpiegituraren hirugarren solairuan egokituko diren egoiliarrentzako aparkaleku tokiak eskaintzeko baliatuko du Irunvik.
Gaur arte, 57 lagunek erosi dute aparkalekua, eta horiek larunbateko bisitan egoteko gonbita jasoko dute. “Plaza erosi duten horiek bisitaldietan egotea interesgarria izango zela pentsatu genuen”, argitu zuen Juanarena Irunviko arduradunak.
Larunbateko bisita gidatuetan parte hartzeko interesdunek Irunvin eman behar dute izena, 943 50 57 20 telefono zenbakira deituz; herenegun hasi ziren deiak jasotzen. Udaletik aurreikusi dute bisitaldiak 09:30etik 13:30era izango direla.


