
Inolako arazorik ez zen izan herenegun Oarso Bidasoko bozkalekuetan. Irudian, Hondarribiko udaletxeko areto nagusikoa
Udal hauteskundeetako tendentziak segida izan du Espainiakoetan: Amaiur garaile Oarsoaldean, eta PSE-EE Bidasoan
Abstentzioak nabarmen egin du behera, 2008an ezker abertzalea ez zelako aurkeztu
Amaiurrek atera ditu boto gehien, bi mila boto inguruko aldearekin bigarrenarekiko, Oarsoaldean eta Bidasoan herenegun egin zituzten Espainiako Gorteetako hauteskundeetan. Horrela, maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan Bilduk izandako emaitzak berretsi ditu ezkerreko subiranisten koalizioak (orduan Aralar ez zen Bildurekin batera aurkeztu).
Hala ere, eskualde bakoitza bere horretan hartuta, Oarsoaldeko lau herrietan gailendu da Amaiur. Koalizioak garaipen argia lortu du Oiartzunen eta Lezon, gehiengo absolutuarekin. Pasaian eta Errenteria-Oreretan ere lehenengo indarra da. Lau barrutien udalerrian ia mila boto atera dizkio PSE-EEri (guztira Espainiako Kongresurako 2.701 boz atera dituzte), eta Errenteria-Oreretan oso lehia estua egon da. Botoen kontaketa egiten ari zirela, alderdi sozialista zen aurretik zihoana, hamalau botoko aldearekin, baina %100arekin, Amaiurrek 489 botoko aldea atera zion.
Bidasoaldean ere udal hauteskundeetan irabazi zuten alderdiek jaso dituzte berriro boto gehien. Horrela, Irunen PSE-EEk irabazi du, alde handiarekin, eta Hondarribian EAJk. Irunen sozialisten atzetik PP gelditu da: 9.671 hautesleen lehen aukera izan da PSE-EE, eta 6.553 jaso ditu Espainian garaile izan zen alderdiak. Euskal Herria erreferentetzat duten bi indarren artean EAJ izan da nagusi Irunen, 5.384 botorekin, Amaiurrek baino 239 gehiago. Hondarribian batak besteari ia 700 botoko aldea atera dio.
Abstentzioak behera
Hautesle gehiago hurbildu ziren herenegun orain dela hiru urte baino botoa ematera. Zerikusi handia du orduan ezker abertzaleak abstentziorako deia egin izana. Oarsoaldean (batez ere Oiartzunen eta Lezon) oso nabarmena izan da parte hartzearen gorakada: hogei puntu inguru hazi da aurtengo hauteskundeetan. Bidasoan, berriz, bi puntu soilik igo da.
Amaiurren agerpenak izan duen boto kopurua eta PSE-EEren galera handiak ekarri du parte hartzearen oreka Bidasoa aldean, eta Errenteria-Oreretan eta Pasaian. Izan ere, alderdi sozialistak ia 7.000 boto galdu ditu Irunen. Hala ere, udal hauteskundeetan baino bi mila boto gehiago lortu dituzte. Errenteria-Oreretan ere galera handia izan du: 2008an ateratako botoen %37,5 galdu ditu.
EAJ, gora
Oarsoaldean eta Bidasoan, Gipuzkoan bezala, EAJk gora egin du. Guztira, 1.500 boz inguru igo da alderdi jeltzalea bi eskualdeetan. Igoera azaldu dezakeen faktoreetako bat, besteak beste, udal hauteskundeetan Hamaikabati botoa eman ziotenen hautesle poltsa da. Hala ere, orain arte PP eta PSE-EEri mesedegarri egin zaizkien hauteskundeetan ongi eutsi dio. Ez hori bakarrik, hazkundea izan du eta bozetan lehenengo indarra izatea lortu du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten erkidegoan.
Gainontzeko alderdiei dagokienez, hazkunde handia izan du Rosa Diezen UPyDk Irunen. Orain dela hiru urte lortutako emaitzen halako hiru jaso ditu alderdi zentralistak. Orduan 272 jaso zituen eta orain 835 jaso ditu. Errenteria-Oreretan ere hirukoiztu egin ditu emaitzak, eta 113 boto izatetik 376 izatera pasatu da.
Ezker Anitza-IUk, bestalde, Oarsoaldean galdu duena Bidasoaldean irabazi du. Bi eskualdeen artean 3.372 boz lortu zituen 2008ko martxoan, eta orain 103 boto gehiago lortu ditu. Espainiako Estatuan koalizioak izan duen igoera eskualdeko herrietara ez da iritsi, beraz. Equo alderdi berria izan da gainontzeko alderdien artean boto gehien jaso dituena. Ia mila boto lortu dituzte ekologistek.
PACMA animalien eskubideen aldeko taldeak eta PUM+J-k aurreko hauteskundeetako emaitzak hobetu dituzte, eta duela hiru urte UPyDrentzako botoa eskatu zuen Unificacion Comunista de Españak boto gutxi pilatu ditu.

Hauteskundeetako emaitzak, herriz herri
2004an eta 2008an ez bezala, normaltasuna nagusi herri guztietan
Hauteskunde egun lasaia izan zen herenegungoa Oarso Bidasoan. Ez zen aparteko istilurik edo iskanbilarik egon hauteskundeak egin zituzten Oarso Bidasoko sei herrietan. Hendaian Frantziako Estatukoak egiten dituztenez, igande arrunta izan zen. Zenbaitek Senaturako boto-paperarekin arazoak izan zituzten, ez baitzekiten euren hautagaien zerrendaren ondoko laukitxoak boligrafoarekin markatu behar zirela.
2004ko eta 2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ez zen horrelakorik gertatu. Izan ere, 2004an, ezker abertzalearen hautagaitza legez kanpo utzi zuten, eta Bergarako ekimenaren aldeko botoa eskatu zuten: 2004ko martxoaren 14 hartan manifestazioak, protestak eta istiluak izan ziren, Errenteria-Oreretan batez ere.
2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako, berriz, ezker abertzaleak abstentzioa baliatzeko eskatu zien bere jarraitzaileei. Martxoaren 9ko igande hura tentsioz beteta egon bazen ere, ez zen aparteko istilurik izan.
Oarso Bidasoko ordezkaririk ez Espainiako Kongresuan eta Senatuan
Espainiako Kongresuan Gipuzkoari sei eserleku dagozkio, eta Senatuan, berriz, lau. Hamar hautetsi horietatik bat ere ez da Oarsoaldekoa edo Bidasokoa izango.
2008ko hauteskundeetan Elvira Kortajarena antxotarrak eta Miguel Buen errenteriarrak PSE-EErekin eserlekua lortu zuten Kongresuan, eta Izaskun Gomez pasaitarrak Senatuan. Aurten, Gomezek zuen zen bi eskualdeen artean eserlekua lortzeko aukera gehien, Gipuzkoako Senaturako zerrendan bigarrena zelako. Ez du eserlekua lortu.