Boto jarreraren gainean Oarsoaldean eta Bidasoan dagoen aldea berretsi zen atzo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Oarsoaldeko lau udalerrietan Amaiurrek garbi irabazi zuen, Irunen PSE-EEk, eta Hondarribian EAJk. Hala, Amaiurren agerraldia oso indartsua izan da, maiatzaren 25eko udal hauteskundeetako Bilduren indarra berretsiz; PSE-EEk beheraldi oso nabarmena izan du, eta 2008ko Espainiako Gorteetarako egin ziren hauteskundeetako emaitzekin alderatuz, milaka boto galdu ditu Oarso Bidasoan — Irunen, esaterako, 6.500 boz galdu dituzte sozialistek, eta Errenteria-Oreretan, 3.548—. EAJren hauteslegoa fidel mantendu da, eta 2008ko emaitzekin alderatuz, gora joan dira. PPk ere gora egin du, eta UPyD alderdiak ere ia hirukoiztu egin ditu 2008ko emaitzak.
Oarsoaldean, beraz, Amaiurrek irabazi du, 14.035 botorekin; bigarren alderdia PSE-EE izan da (8.552 boto), hirugarrena EAJ (5.396 boto) eta laugarrena PP (4.263 boto).
Bidasoan, berriz, PSE-EEk irabazi du, 10.961 botorekin; bigarren alderdia EAJ izan da (8.443 boto), hirugarrena PP (7.548 boto) eta laugarrena Amaiur (7.539).
Hauteskunde egun lasaia izan zen atzokoa. Ez zen aparteko gertakaririk izan Oarso Bidasoan.
Emaitzak herriz herri, honako webguneetan (eskuineko grafikoak):