Aurten Doinu Zahar Txapelketa batuko zaio Aurresku lehiari
Hamabi neskek jokatuko dute etzi kanporaketa, San Pedroko Udal Aretoan, 11:30etik aurrera. Hilaren 26an jokatuko dute Euskadiko XXXI. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa Donibaneko kiroldegian, aurten berritasun nagusi batekin: gizonen lehiari, emakumeena batuko zaio. 2003az geroztik etenda dagoen Doinu Zahar txapelketa berreskuratzeko apustua egin du antolakuntzak aurten. Hondarribiko Kemen Dantza taldeak antolatzen zuen lehen Doinu Zahar txapelketa. Lau ekitaldi antolatu zituzten, 1999 urtetik 2003ra bitartean. Donibanen hilaren 26an jokatuko dena, beraz, Txapelketaren V. aldia izango da, oraingoan, Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarein Biltzarrak eta Alkarkide Alkartasunako Dantzari Ohiak Taldeak antolatuta. Atzo eguerdian aurkeztu zuten txapelketa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko buru Xabier Mendigurenekin batera, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria eta kultura zinegotzi Jaunra Cano izan ziren aurkezpenean. Mendigurenek azaldu zuenez «aspaldiko ideia» zen emakumeen lehiaketa berreskuratzea. Azken urtetan, Aurresku txapelketarako dantzari gutxik izena ematen zutela ikusita, eta aldiz, emakumeen ligaxketan-eta, dantzan ari diren nesken kopurua handia denez, Doinu Zahar txapelketa berreskuratzeko une aproposa dela erabaki dute. Sei mutik, hamabi neska Atzo jakinarazi zutenez, sei aurreskularik parte hartuko dute Euskadiko XXXI. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketan, tartean azken bi urtetan irabazle izan den Atarrabiako Iker Larunbe. Aurten irabaziko balu, Larunbek Tomas Muruaren garaikurra jaioterrira eramango luke, txapelketa hiru urtez jarraian irabazteagatik. Oholtza [...]
Hamabi neskek jokatuko dute etzi kanporaketa, San Pedroko Udal Aretoan, 11:30etik aurrera.
Hilaren 26an jokatuko dute Euskadiko XXXI. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa Donibaneko kiroldegian, aurten berritasun nagusi batekin: gizonen lehiari, emakumeena batuko zaio.
2003az geroztik etenda dagoen Doinu Zahar txapelketa berreskuratzeko apustua egin du antolakuntzak aurten. Hondarribiko Kemen Dantza taldeak antolatzen zuen lehen Doinu Zahar txapelketa. Lau ekitaldi antolatu zituzten, 1999 urtetik 2003ra bitartean. Donibanen hilaren 26an jokatuko dena, beraz, Txapelketaren V. aldia izango da, oraingoan, Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarein Biltzarrak eta Alkarkide Alkartasunako Dantzari Ohiak Taldeak antolatuta.
Atzo eguerdian aurkeztu zuten txapelketa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko buru Xabier Mendigurenekin batera, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria eta kultura zinegotzi Jaunra Cano izan ziren aurkezpenean.
Mendigurenek azaldu zuenez «aspaldiko ideia» zen emakumeen lehiaketa berreskuratzea. Azken urtetan, Aurresku txapelketarako dantzari gutxik izena ematen zutela ikusita, eta aldiz, emakumeen ligaxketan-eta, dantzan ari diren nesken kopurua handia denez, Doinu Zahar txapelketa berreskuratzeko une aproposa dela erabaki dute.
Sei mutik, hamabi neska
Atzo jakinarazi zutenez, sei aurreskularik parte hartuko dute Euskadiko XXXI. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketan, tartean azken bi urtetan irabazle izan den Atarrabiako Iker Larunbe. Aurten irabaziko balu, Larunbek Tomas Muruaren garaikurra jaioterrira eramango luke, txapelketa hiru urtez jarraian irabazteagatik.
Oholtza gainean, ordea, maila handiko arerioak izango ditu atarrabiarrak: Iker Sanz eta Beñat Asensio lezoarrak, Oiartzungo Xanti Leonet, Elgoibarko Aitor Asenjo, eta Errenteria-Oreretako Aitor Arrieta.
Idoia Besada pasaitarra
Doinu Zahar txapelketan aurten dantza solteko txapelduna izan den Idoia Besada antxotarrak parte hartuko du, eta harekin batera, beste hamaika neskek dantzatu dute: Izar Etxeberria, Udane Eskudero, Izar Aizpuru eta Naiara Mitxelena oiartzuarrak; Zuriñe Garcia lezoarra; Elgoibarko Ane Espilla, Iraitz Gonzalez eta Arantxa Ferreiro, eta Billabonako Lierni Kamio.
Aurresku txapelketako partaideek hilaren 26ko finala jokatuko dute zuzenean. Neskek, ordea, kanporaketa jokatu behar dute etzi, 11:30etik aurrera, San Pedroko Udal Aretoan. Hamabi nesketatik, soilik zortzi sailkatuko dira hilaren 26an 19:00etatik aurrera jokatuko duten finalerako.


