Soinua lantzeko ikastaroa antolatu dute udalak eta Phantomek gazteentzat
Hamasei eta hogeita bost urte bitarteko gazteei zuzendutako musika estudioko eta zuzeneko sonorizazioko ikastaroa antolatu dute Irunen. Parte hartzaileek oinarrizko ezagutza jasoko dute, besteak beste, mikrofoniaz, soinu mahaiaren erabileraz eta soinu ...
Hamasei eta hogeita bost urte bitarteko gazteei zuzendutako musika estudioko eta zuzeneko sonorizazioko ikastaroa antolatu dute Irunen. Parte hartzaileek oinarrizko ezagutza jasoko dute, besteak beste, mikrofoniaz, soinu mahaiaren erabileraz eta soinu edizioaz.
Eskolak abendua eta heldu den urteko martxoa bitarteko ostegunetan egingo dituzte, jaiegunak salbu. Abenduaren 15ean izango da lehena, eta martxoaren 8an azkena. Irungo Udaleko Gazteria Sailak antolatu du, eta Phantom estudioen laguntza izan du horretarako.
Tailerraren lehen zatia, sonorizazioari dagokiona, Phantom estudioetan egingo dute, abenduaren 15, 22 eta 29an, eta urtarrilaren 12, 19 eta 26an. Bigarren zatia, zuzenekoa lantzeko zatia, otsailaren 2, 9, 16 eta 23an, eta martxoaren 1ean eta 8an egingo dituzte, Martindozenea gaztelekuan.
Izena emateko interesa dutenek abenduaren 2ra arte egin behar dute, eta zenbait modu dute hori egiteko: irun.org webgunearen bitartez, edo telefonoz, Gazte Informazio Bulegoko zenbakira (943 50 54 44) edo Gaztelekuko zenbakira deituz (943 63 68 26).