Gazteentzako 30 euroko menuak, Alameda eta Abarka jatetxeetan
Hondarribiko Ostalari Elkarteak antolatutako Dastatze eta Elkartze Afarien zortzigarren ekitaldian bi jarduera berezi egingo dituzte gastronomia maite duten gazteentzat. Alameda jatetxean, gaur, eta Abarkan datorren asteazkenean, bi afari egingo dituzt...
Hondarribiko Ostalari Elkarteak antolatutako Dastatze eta Elkartze Afarien zortzigarren ekitaldian bi jarduera berezi egingo dituzte gastronomia maite duten gazteentzat. Alameda jatetxean, gaur, eta Abarkan datorren asteazkenean, bi afari egingo dituzte 30 urte baino gutxiago dituzten gazteentzat.
Afariek 30 euroko prezioa dute, BEZ barne. Publiko berezia bildu nahi dute; “gazteei bereziki zuzendutako eskaintza zaindu nahi dugu”, azaldu dute ostalaritza elkartekoek.
Alameda eta Abarka
Alamedako Gorka Txapartegi sukaldariak, jatetxeko taldearekin batera, menu berezia prestatu du gaurko, eta Valpiedrako sei ardorekin gozatuko dute afaria. Datorren asteazkenean, berriz, Abarkako Natxo Graciaren platerak Luisma Bujanda hondarribiarraren mahastietatik ekoitzitako ardoekin uztartuko dituzte.
Hondarribiko Ostalari Elkarteak gazteen aldeko apustua egin du, “gure eguneroko ekintzak gazteei zuzendutakoekin osatu behar ditugu”. Hondarribiko gastronomiaren onena “baldintza ekonomiko hoberenetan” eskaintzeko konpromisoa hartu dute elkartekoek, eta bide batez, gazteek Hondarribian dauden sukaldaritza eta jatetxeen aldeko interesa indartu nahi dute.
Gaurtik larunbatera, lau afari
Dastatze eta Elkartze Afarien hirugarren astean sartuko dira gaurko otorduarekin. Beste hiru hitzordu izango dira aste honetan: Batzokiko jatetxean bihar, Enbata jatetxean etzi, eta Jaizkibel hotelean larunbatean. Menuak ondorengo webgunean kontsulta daitezke: hondarribiaturismo.com.