Gazteentzako 30 euroko menuak, Alameda eta Abarka jatetxetan
Hondarribiko Ostalari Elkarteak antolatutako dastatze eta elkartze afarien zortzigarren edizioan bi zita berezi egingo dituzte gastronomia maite duten gazteentzat. Alameda jatetxean bihar, eta Abarkan datorren asteazkenean, bi dastatze eta elkartze afa...
Hondarribiko Ostalari Elkarteak antolatutako dastatze eta elkartze afarien zortzigarren edizioan bi zita berezi egingo dituzte gastronomia maite duten gazteentzat. Alameda jatetxean bihar, eta Abarkan datorren asteazkenean, bi dastatze eta elkartze afari egingo dituzte 30 urte baino gutxiago dituzten gazteentzat. Afariak 30 euro kostatuko du, BEZ-a barne. Publiko berezia bildu nahi dute, “gazteei bereziki zuzendutako eskaintza zaindu nahi dugu”, azaldu dute ostalaritza elkartekoek.
Alameda eta Abarka
Alamedako Gorka Txapartegi sukaldariak, jatetxeko taldearekin batera, menu berezia prestatu du biharkorako, eta Valpiedrako sei ardorekin gozatuko dute afariaz. Datorren asteazkenean aldiz, Abarka jatetxeko Natxo Graciaren platerak, Luisma Bujanda hondarribiarraren mahastietatik ekoitzitako ardoekin konbinatuko dituzte.
Hondarribiko Ostalari Elkarteak gazteen aldeko apostua egin du, “gure eguneroko ekintzak gazteei zuzendutakoekin osatu behar dugu”. Hondarribiko gastronomiaren onena “baldintza ekonomiko hoberenetan eskaintzeko konpromisoa hartu nahi dugu, eta bide batez, gazteek Hondarribian duten sukaldaritza eta jatetxeen aldeko interesa indartu”, gehitu dute elkarteko kideek.
Lau zita bihartik larunbatera
Dastatze eta elkartze afarien hirugarren astean sartuko dira biharko afariarekin. Gainera, beste hiru zita izango dira aste honetan: Batzokiko jatetxean bihar, Enbatako jatetxean etzi eta Jaizkibel Hotelean larunbatean. Menuak ondorengo webgunean kontsulta daitezke: hondarribiaturismo.com.

