EHE: “Bake iraunkor eta justua herri euskaldunarentzat”
Jone Mendigutxia eta Irati Odriozola. Oreretako eta Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak. Gatazkaren konponbideaz asko hitz egiten ari gara egunotan. Gatazka armatuaz gehien, gutxixeago gatazka politikoaz. Gatazka armatuak sortutako biktimez asko. Baina entzun duzu ezer gatazka politikoak euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari eman eta kendu dionaz? Ez da inondik inora lan erraza. Gure herriaren zutabe nagusi den hizkuntza ez da ageri gatazkaren epizentroan. Hain gaude minorizatu eta asimilatuak askoz koherenteago iruditzen zaigula gatazka lurraldetasun terminoetan kokatzea, identitate, nortasun terminoetan kokatzea baino. Lehendabizi abertzale gara eta gero agian euskaldun. Ez al du kontu honek autokritika pixka bat eskatzen? Nora goaz bide honetatik? Euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugu egoera oker hau irauli nahi dugunok. Gatazkaren konponbidea integrala izango bada lehentasunezko kontutzat landu beharko dira. Eta Euskal Herri euskalduna berrezartzea ezin da estatu propioa lortu osterako utzi. Ezin da gatazkatik kanpo kokatu. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko [...]
Jone Mendigutxia eta Irati Odriozola. Oreretako eta Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak.
Gatazkaren konponbideaz asko hitz egiten ari gara egunotan. Gatazka armatuaz gehien, gutxixeago gatazka politikoaz. Gatazka armatuak sortutako biktimez asko. Baina entzun duzu ezer gatazka politikoak euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari eman eta kendu dionaz?
Ez da inondik inora lan erraza. Gure herriaren zutabe nagusi den hizkuntza ez da ageri gatazkaren epizentroan. Hain gaude minorizatu eta asimilatuak askoz koherenteago iruditzen zaigula gatazka lurraldetasun terminoetan kokatzea, identitate, nortasun terminoetan kokatzea baino.
Lehendabizi abertzale gara eta gero agian euskaldun. Ez al du kontu honek autokritika pixka bat eskatzen? Nora goaz bide honetatik?
Euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugu egoera oker hau irauli nahi dugunok. Gatazkaren konponbidea integrala izango bada lehentasunezko kontutzat landu beharko dira. Eta Euskal Herri euskalduna berrezartzea ezin da estatu propioa lortu osterako utzi. Ezin da gatazkatik kanpo kokatu.
Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi.
Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude.
Eta estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira?
Gure ustez, bigarren aukera da egokia. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu.
Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere.
Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.
Asimilazioari aurre egiten ahalegintzekotan, horiek dira, gure ustez, gure baitan eman beharreko aldaketak, eta kanpokoei egin beharreko aldarrikapenak. Askotan gatazka gugandik kanpo kokatu izan dugu soilik, eta bada garaia autokritika pixka bat egin, eta datozen urte garrantzizkoetarako oinarri sendoa ipintzeko.
Mendeetan jakin izan dugu bizirauten, garai ezberdinetara egokitzen. Euskal Herrian Euskaraz askatasunarekiko esperantzaz beteriko garaian jaio zen. Esperantza eta ilusio garai horretan euskarari eta herri euskaldunari dagokion garrantzia eta erdigunea ematen saiatzeko. Eta, bizitzea tokatu zaigun garai berri honetan, EHEk herri honekiko konpromisoa berretsi nahi du, ahaztu gabe, noski, guztion eskuetan dagoela etorkizuna.
Egin dezagun bidea askatasun eta eskubideen bermerantz, euskaldunontzat bake iraunkor eta justua eraikitzeko.