Uholdeek kaltetutako herritarrek laguntza eska dezakete
Joan den igandeko uholdeak direla-eta kaltetuak gertatu diren herritarrek laguntzak eskatu ditzaketela jakinarazi du Oiartzungo Udalak. Herenegun bertan, kaltetutako herrietako alkateak Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bi...
Joan den igandeko uholdeak direla-eta kaltetuak gertatu diren herritarrek laguntzak eskatu ditzaketela jakinarazi du Oiartzungo Udalak. Herenegun bertan, kaltetutako herrietako alkateak Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu ziren kalteak eta egoera baloratzeko, tartean, Oiartzungo alkatea.
Herritarrek bi bidetatik jo behar dute kalteordainak jasotzeko: lehendabizi, euren aseguru etxean aurkeztu beharko dute izandako kalteen zerrenda, ahalik eta xehetasun gehienekin eta ahal diren kalte guztiak argazkiz frogatuz.
Era berean, aseguru etxeen partzuergoan erreklamazioak tarteratzeko inprimaki batzuk jarriko dituzte kaltetuen esku, eta horiek bete beharko dituzte. Inprimaki horiek eskuragarri izango dituzte udaletxean. Litekeena da aseguru etxeak zuzenean partzuergoarekin harremanetan jartzea. Hala ere, badaezpada, Oiartzungo Udalak eskuragarri izango ditu kaltetuen harrerarako antolatu duen behin-behineko bulegoan.
Herritarrei laguntzeko eta tramiteak errazteko asmoz, bihartik aurrera, udaletxeko informazio bulegoan langile bat egongo da kaltetutako herritarrak eman behar dituzten pausoak eta bete behar dituzten inprimakien inguruan informatzen. 943 49 01 42 zenbakira deituta ere informatuko dituzte herritarrak.

