Lezoko Udalaren egoera ekonomikoa azaltzeko bilera egin dute herritarrekin
Lezoko Udala datorren urteko aurrekontuak prestatzen ari da. Horregatik, pasa den ostiral arratsaldean bilera egin zuten herritarrekin Gezala Auditoriumean, udalaren egoera ekonomikoa zein den azaltzeko. Herritarrek euren proposamenak udalari helarazteko aukera izan zuten. Bileraren helburua egoera ekonomikoa azaltzea zen, eta Ainhoa Zabalo alkateak adierazi zuenez, «egoera zein den ikusita, herritarrek aurrekontuak ulertuko dituzte». Datorren urteko aurrekontuan 200.000 euroko doiketa egin behar dutela adierazi zuen alkateak. Ika-mika udal taldeen artean Datorren urteko aurrekontuen sarreren atalean izango dira ordenantza fiskalak. Orain dela ia bi aste onartu zituzten, ezohiko udalbatzarrean. EAJk aurka bozkatu zuen, tasa eta zerga batzuk «gehiegi» igoko direla argudiatuta. Zifrak ere eman zituzten. Alkateak «gezurretan» ari direla egotzi die zinegotzi jeltzaleei, eta bileretan ez parte hartzea leporatu die: «Ostrukarena egiten dute. Lanaren aurrean, burua sartzen dute eta gero kritikak botatzen dituzte. Guk ateak ireki dizkiegu eta eurek ez dute elkarlanerako gogorik eduki». EAJk alkatearen hitzei erantzun die. «Herritarrak ez nahasteko» eskatu diote, eta EAJ gezurretan ari dela dioenean, «frogak» aurkezteko eskatu diote. Gainera, Ogasun Batzordea legegintzaldi honetan behin bakarrik deitu dutela salatu dute, urriaren 13an zehazki: «Gezurra al da Ogasun Batzordea lau hilabetean behin bakarrik deitu duzula eta geroztik ez duzula berriro deitu?». Gainera, EAJko udal taldeak argi utzi [...]
Lezoko Udala datorren urteko aurrekontuak prestatzen ari da. Horregatik, pasa den ostiral arratsaldean bilera egin zuten herritarrekin Gezala Auditoriumean, udalaren egoera ekonomikoa zein den azaltzeko. Herritarrek euren proposamenak udalari helarazteko aukera izan zuten.
Bileraren helburua egoera ekonomikoa azaltzea zen, eta Ainhoa Zabalo alkateak adierazi zuenez, «egoera zein den ikusita, herritarrek aurrekontuak ulertuko dituzte». Datorren urteko aurrekontuan 200.000 euroko doiketa egin behar dutela adierazi zuen alkateak.
Ika-mika udal taldeen artean
Datorren urteko aurrekontuen sarreren atalean izango dira ordenantza fiskalak. Orain dela ia bi aste onartu zituzten, ezohiko udalbatzarrean. EAJk aurka bozkatu zuen, tasa eta zerga batzuk «gehiegi» igoko direla argudiatuta. Zifrak ere eman zituzten. Alkateak «gezurretan» ari direla egotzi die zinegotzi jeltzaleei, eta bileretan ez parte hartzea leporatu die: «Ostrukarena egiten dute. Lanaren aurrean, burua sartzen dute eta gero kritikak botatzen dituzte. Guk ateak ireki dizkiegu eta eurek ez dute elkarlanerako gogorik eduki».
EAJk alkatearen hitzei erantzun die. «Herritarrak ez nahasteko» eskatu diote, eta EAJ gezurretan ari dela dioenean, «frogak» aurkezteko eskatu diote.
Gainera, Ogasun Batzordea legegintzaldi honetan behin bakarrik deitu dutela salatu dute, urriaren 13an zehazki: «Gezurra al da Ogasun Batzordea lau hilabetean behin bakarrik deitu duzula eta geroztik ez duzula berriro deitu?». Gainera, EAJko udal taldeak argi utzi du orduko bileran egon zirela.
Horrez gain, alkateak denen proposamenak jasoko dituela eta, neurri hori begi onez ikusi dute jeltzaleek: «Pozten gaitu urriko plenoan ordenantza fiskalei buruz egin genituen ekarpenak jasoko dituzula jakiteak, nahiz eta oraindik, zerorrek diozun bezala, aztertu ez dituzuen arren; zuen eskutan daude onartzea zein arbuiatzea, ez guretan».