Langabetuek lehentasuna, Soroetako proiektua egiteko
Soroeta auzoa berritzeko eta kirol gunea egiteko lehiaketara 20 izan dira aurkeztu diren enpresak. “Obrarako kontratuan langabetu hondarribiarrek lehentasuna izateko klausula bat sartu dugu” esan du Juan Mari Altunak, Hondarribiko alkateord...
Soroeta auzoa berritzeko eta kirol gunea egiteko lehiaketara 20 izan dira aurkeztu diren enpresak. “Obrarako kontratuan langabetu hondarribiarrek lehentasuna izateko klausula bat sartu dugu” esan du Juan Mari Altunak, Hondarribiko alkateordeak. “Badakigu eraikuntzan langabezia arazo larria dela, eta hori dela-eta egokia iruditzen zaigu enpresek 2011ko uztailaren 1a baino lehenago Lanbiden izena emanak diren langabetu hondarribiarrak kontratatzea. Horrek bere eskaintzan puntuazioa gehituko die”.
5 milioi euro eta 16 hilabete
Soroeta auzoa berritzeko bost milioi euro inbertituko ditu Udalak eta lanek hamasei hilabete iraungo dute. Ur saneamendua berrituko dute; aparkalekuak egingo dituzte; kirol gunea eraikiko dute; bertako bideak konponduko dituzte , oinezkoei lehentasuna emanez; kaleko argiak aldatuko dituzte eta lorategi berriak atonduko dituzte. “Hiritarren iradokizunak entzun genituen, adibidez, Eguzkiloreko aparkamentuaren gure proposamenaren gainean. Arrazoia zutela ikusi genuen eta bizilagunen irizpidea jarraituko dugu. Horrez gain, kirol zonaldean komun bat jartzea eskatu ziguten, eta zentzuzkoa denez, hala egingo dugu” esan du Aitor Kerejetak, Hondarribiko alkateak.
Soroeta aldea berritzen Girizi kalean hasiko dira 35 aparkaleku berri lortzeko, eta gero proiektuaren zati nagusiari ekingo diote: ur beltz eta euri uren saneamendua hain zuzen ere.