
Oiartzun ibaia Altzibar auzoan, herenegun (Jabier Oiartzabal)
Larunbatean eta herenegun izandako euriteengatik arazoak izan dira Oarsoaldean eta Bidasoan. Oarsoaldean kalte materialak eragin dituzte batez ere uholdeek, eta Bidasoan ezbehar pertsonala izan da, urak 76 urteko gizon bat eraman zuelako Irungo Katea auzoan: atzo, 17:00etan hilda agertu zen Jaizubiako industrialdean.
Bere baratzean lanean ari zela uhaldi batek baratze ondoko errekasto batera eraman zuen 76 urteko gizona. Herenegun arratsaldean izan zen gertakaria, eta berehala hasi ziren erreskate taldeak gizonaren bila. Herenegun desagertutakoaren arrastorik aurkitu ez zutenez, atzo, 09:00etan hasi ziren berriz ere Ertzaintzako, Gurutze Gorriko, DYAko eta Irungo nahiz Hondarribiko udaltzaingoko kideak, bost taldetan banatuta, gizonaren bila. Gurutze Gorriko kideek aurkitu zuten atzo gizonaren hilotza, Katea auzotik ez oso urruti, Jaizubian.
Irunen eta Hondarribian, bestalde, euri jasek ez zuten aparteko arazorik sortu herenegun: Bidasoa ibaia guztiz harrotuta jaisten zen arren, ez zuen gainezka egin, Behobia aldean jarri zituzten uhateek uraren maila kontrolpean izan zutelako.
Oarsoaldean, uholdeak
Oiartzun ibaiaren inguruek jasan zuten herenegun arratsaldean eta gauean etengabeko euriaren eraginik nabarmenena. Itsasgorarekin areagotu egin ziren arazo horiek.
Oiartzunen, Altzibar auzoan,
Oiartzun ibaiak gainezka egin zuen (irudi galeria). Ondorioz, auzo horretako hainbat etxabe eta garaje urez bete ziren, eta kalteak eragin zituen. Bertakoek ibilgailuak eta bestelakoak toki seguruan jartzen saiatu ziren arren, ura xukatzeko lan handia egin behar izan zuten.
Antzekoak izan zituzten Iturriotz, Ergoien eta Ugaldetxo auzoetan, Oiartzungo Udaltzaingoaren arabera. Altzibartik Ugaldetxora doan errepidea, adibidez, moztu behar izan zuten, urak hartu zuelako. Gainera, zenbait orduz argirik gabe geratu ziren auzo horietako hainbat etxetan. Talaia industrialean, Oiartzun eta Errenteria-Orereta lotzen dituen zubia itxi zuen Udaltzaingoak herenegungo 16:30ean.
Errenteria-Oreretan, Lartzabalen eta Fanderian kalteak eragin zituen Oiartzun ibaiaren harroaldiak. Lartzabalen, esaterako, bertako babes ofizialeko etxeetako —duela hiru urte hasi zen jendea horietan bizitzen— garajeetara ura sartu zen, eta auzo horretako kirol gunea eta ondoko etxeak guztiz hartu zituen urak.
Fanderia auzoan, berriz, Oiartzundik datorren bidegorriraino atera zen Oiartzun ibaia, eta azpiegitura hori moztu behar izan zuten zenbait orduz, ura bere bidera itzuli arte. Fanderiako zubietan eta kirol gunean ere uholdeak izan ziren.
Lezoko Udaltzaingoaren arabera, euriak ez zituen kalte gehiegi eragin herrian. Sagarzulo jatetxearen inguruan sortu zen putzu batean auto bat geldirik gelditu zen, baina ateratzea lortu zuten. Bestalde, haizeak, zenbait edukiontzi eta hainbat panel tokiz mugitu zituen.
Pasaian, Antxoko Hamarretxeta kalean eta Trintxerpeko Gomistegiko biribilgunean putzu handiak sortu ziren herenegun, baina kalterik edo istripurik ez zen izan. Donibanen, Larrabide baserriaren inguruan, lurjauzia izan zen eta bertako errepidea zenbait orduz moztu zuten. Donibanen ere, hainbat herritar argirik gabe izan ziren hainbat orduz herenegun eta atzo, h