
Oiartzungo Altzibar auzoan, herritarrak ura ateratzen
Asteburuko euri jasek hainbat kalte eragin dituzte ordu gutxietan Euskal Herrian. Horietatik garrantzitsuena atzo arratsaldean. Baratzean lanean ari zen 76 urteko gizonezko bat ubidera erori zen, eta urak eraman zuen. Bila aritu ziren baina aurkitu ez zutenez, gaur goizean ekin diote berriz ere bilaketa lanei, 09:00etan. Katea auzoan desagertu zen gizona, eta Herrizaingo Sailetik jakinarazi dute bost talde dabiltzala gizona bilatzen: Ertzaintzako, DYAako, Babes Zibileko eta Irungo nahiz Hondarribiko udaltzaingoetako kideek osatzen dituzte talde horiek.
Bestalde, Oiartzun ibaiak gainezka egin zuen atzo, itsasgorarekin, Errenteria-Oreretako Lartzabal eta Fanderia auzoetan. Lartzabalen, bertako babes ofizialeko etxeetako etxabeak urak hartu zituen. Etxebizitza multzo horretako 9, 11, 13, 15 eta 17 zenbakietako beheko solairuetara sartu zen ura, eta 19 sotora ez zen sartu, maldan dagoelako. Lartzabalen dauden kirol kantxetaraino ere iritsi zen ura, eta bertako bidegorria itxi behar izan zuten.
Irunen, udalak segurtasun protokoloa ezarri zuen, eta Behobian jarri zituzten uhateei esker ez zen ura etxeetara iritsi. Hala ere, bertako zenbait baratze urez gainezka izan ziren atzo eguerditik aurrera.
Herrizaingo Sailak alerta egoera bertan behera utzi du, denboralea Bizkaia aldera joan delako.