“Goiztiarra izan zara, Aitor Mendiola Egaña”
Agustin Arrieta Urtizberea eta koadrila: Aitorrek Zumaian eman ditu azkeneko urteak. Zumaia eta bertako familiako etxea garrantzitsuak izan dira Aitorren ibilbidean, zalantzarik gabe. Are gehiago azkeneko urteetan. Baina Aitorren bizitzan badago beste erreferentzia garrantzitsu bat: Errenteria (edo Orereta, nahi bada). Errenterian Aitorrek koadrila izan du. Koadrila horretako kideak 50 urteen inguruan gabiltza orain, baina koadrilaren muina osatzen hasi zen batzuek 12-15 urte zituztenean. Urte asko pasatu dira, aldaketa asko, poz eta haserrealdi asko. Denetarik izan dugu, nola ez! Eta Aitorrek ere joko horretan parte hartu du, eta jokatzeko modu berezia izan du. Batzuetan koadrilaren erdigunean izan dugu, beste zenbaitetan lotura ahulagoa izan da, eta desgerturik ere ibili da. Aitor beti izan da koadrilako gazteenetako bat. Baina kasu honetan gazteagoa izateak ez du esan nahi helduagoen atzetik ibiltzea edo tokietara helduagoen eskutik iristea. Aitor zerbait bazen, goiztiarra zen: goiz-goiz iristen zen toki guztietara, lehenengoa edo lehenengoetako bat izaten zen. Aitor oso gaztea zen Askatasunaren Ibilaldi ikaragarri hartan parte hartu zuenean. Aitor goiztiarra izan zen kezka politikoetan. Aitorrek Che Guevararekin edo Txabi Etxebarrietarekin amestu zuen, goiz amestu ere. Errenterian eguna joan eguna etorri asanbladatan murgildurik genbiltzan. Iraultza amesten genuen, eta ume beltzaran hura ez zebilen oso aparte. Baina kezka politikoetan bakarrik ez [...]
Agustin Arrieta Urtizberea eta koadrila: Aitorrek Zumaian eman ditu azkeneko urteak. Zumaia eta bertako familiako etxea garrantzitsuak izan dira Aitorren ibilbidean, zalantzarik gabe. Are gehiago azkeneko urteetan.
Baina Aitorren bizitzan badago beste erreferentzia garrantzitsu bat: Errenteria (edo Orereta, nahi bada). Errenterian Aitorrek koadrila izan du.
Koadrila horretako kideak 50 urteen inguruan gabiltza orain, baina koadrilaren muina osatzen hasi zen batzuek 12-15 urte zituztenean.
Urte asko pasatu dira, aldaketa asko, poz eta haserrealdi asko. Denetarik izan dugu, nola ez! Eta Aitorrek ere joko horretan parte hartu du, eta jokatzeko modu berezia izan du. Batzuetan koadrilaren erdigunean izan dugu, beste zenbaitetan lotura ahulagoa izan da, eta desgerturik ere ibili da.
Aitor beti izan da koadrilako gazteenetako bat. Baina kasu honetan gazteagoa izateak ez du esan nahi helduagoen atzetik ibiltzea edo tokietara helduagoen eskutik iristea. Aitor zerbait bazen, goiztiarra zen: goiz-goiz iristen zen toki guztietara, lehenengoa edo lehenengoetako bat izaten zen.
Aitor oso gaztea zen Askatasunaren Ibilaldi ikaragarri hartan parte hartu zuenean. Aitor goiztiarra izan zen kezka politikoetan. Aitorrek Che Guevararekin edo Txabi Etxebarrietarekin amestu zuen, goiz amestu ere. Errenterian eguna joan eguna etorri asanbladatan murgildurik genbiltzan. Iraultza amesten genuen, eta ume beltzaran hura ez zebilen oso aparte.
Baina kezka politikoetan bakarrik ez zen goiztiarra izan.
Sid Viciousen garaiak ere iritsi ziren. Eta Aitor goiztiarra izan zen giro hartan ere. Che Guevara ez ezik, Sid Vicious ere erreferentzia bihurtu zen harentzat, eta koadrilako gehienontzat.
Neskekiko harremanetan ere koadrilako aurreratuenetako bat izan zen, goiztiarra hor ere. Agian, besteak beste, guapoa zelako. Hori zioten. Tamainako sudurra zeukan, larru beltz-beltzean itsatsita, begi disdiratsu eta ederren magalean. Gaztetxoena koadrilako Paul Newman bihurtu zen.
Aitor hori zen, Paul Newman pixka bat, Che Guevara pixka bat, baina, noski, ez hori bakarrik. Guretzat Aitor beti izan da El Negro (Ubaratutu hasieran, Beltza tarteka).
Koadrilakoa ere bazen, baina tarteka koadrilatik urruntzen zen. Eta orain non arraio dabil El Negro? Hori izaten zen galdera. Aitor Guadiana pixka bat bazen. Zaila zen Aitor kate motzean lotzea. Aitor iheslaria zen, zertxobait bakartia. Zaila zen jakitea Aitorrek zer egingo ote zuen biharamunean. Zumaia eta Errenteria bai, baina ez horiek bakarrik. Munduan barrena ibilitakoa zen Aitor. Eta bolada luze samarrak pasatu eta gero, txokora itzultzen zen, beti itzultzen zen, beti itxura onarekin, beti atsegin, bizipozez, ezer gertatu izan ez balitz bezala.
Baina gerrariak ere atsedena hartu behar du, eta urte lasaiagoak eta egonkorragoak iritsi ziren.
Aitor nortasun handiko laguna izan da, berezia, argi propioa zeukana. Koadrilakoentzat zortea izan da haren bizitzaren hainbat zati harekin konpartitzea. Aitorrek bizitza azkar bizitu du, oso azkar, abiadura batean. Eta helmugara ere koadrilako beste inor baino lehenago iritsi da. Heriotzan ere Aitor goiztiarra izan da, zoritxarrez goiz iritsi da bertara. Gogorrak izan dira azkeneko egunak, baina duintasun handiz egin die aurre. Horrek asko esaten du.
Errenteriako koadrilakoen partetik, besarkada eta musu handi bat Aitorren senide, adiskide eta Aitor maite duten guztiei.
Biharko, bazkaria antolatu du Aitor Mendiola Egaña zenaren koadrilak, Zumaian.