Udan kirolak eman duen albiste garrantzitsuenetakoa zorigaiztokoa izan da. Eibarko Arrate Eskubaloi Elkartea desagertu egin da. Diru eta finantzazio arazoak izan dira eskubaloiko mailarik gorenean, Asobal Ligan, zegoen Gipuzkoako talde bakarra desagertzeko arrazoiak. Baina maila txikiagoetan ere halakorik izan da herrialdean. Horren adibide Oiartzungo Saskilagunak saskibaloi taldea eta Lezoko Allerru-Algeposa areto futbol taldea dira. Goi mailako kirol jarduera uzteko antzeko arrazoiak eman dituzte bi kirol elkarteetako arduradunek: «Jendea falta genuen».
2010eko maiatzean inoiz jokatu duen mailarik altuenera iritsi zen Allerru-Algeposa Lezoko taldea, Nazional A Ligara (futbolean, Bigarren B Mailaren parekoa). 2010-2011 sasoia bertan jokatu zuten lezoarrek, nahi baino apalago beharbada, eta sasoi bukaeran kategoria galdu zuten, jaitsi ziren. 2011-2012 sasoirako, berriz, ez dago Allerru-Algeposarik. Desagertu egin da taldea, arrakastaz betetako 13 denboraldi eta gero. «Jarraitzeko asmoarekin zazpi jokalari ginen. Baina federazioak jokalari bermea eskatzen du taldeak onartzeko, eta ez genuen bete. Orain, jokatzeko prest ginen zazpiak beste taldeetan gaude. Hau da, Lezon talde indartsua izatetik, elkarren kontra jokatuko dugu orain», esan du David Hidalgok, taldeko jokalari izandakoak.
Taldea osatzeko jendea biltzen saiatu arren, ez zuten lortu. Kirol afizionatuaren patuak norberaren denborarekin, eta gogoarekin zuzeneko harremana duelako. Hidalgo eta bere taldekideak saiatu ziren beharrezko jokalari kopurua biltzen, «bigarren taldekoekin ere hitz egin genuen talde nagusian sartzeko. Baina ezin. Pena handiz bidean utzi dugu hamahiru urteko ibilbidea. Ezin izan dugu gehiago egin», onartu du Hidalgok.
Oiartzunen, saskibaloia
Antzeko kasua da Oiartzungo Saskilagunak-en mutilen talde nagusiarena. Urte askoan harrobiko lan gogorra egin ondoren, eta zailtasunak zailtasun, Gipuzkoako Lehen Mailako Ligan jokatu zuten iaz. Oso liga erregularra egin zuten, eta horregatik, lauko finalean jokatzeko eskubidea eman zien oiartzuarrei. Liga eta igoera erabakitzeko fase horretan ez zituzten helburuak lortu, baina datozen urteetan berriz ere igoeraren erronkari eusteko gogoa zuten. Baina ametsa desegin zaie. Izan ere, kirol elkarteak lanean jarraitzen duen arren —orotara zazpi talde dituzte egun, gizonenak eta emakumeenak—, taldearen lanaren erakusle nagusiena zen gizonen lehen mailako taldea desagertu egin da.
Oiartzungo Saskilagunak-etik jakinarazi dute ezin izan dutela taldea osatzeko adina jokalari biltzeko aukera izan, «jokalari batzuk erretiroa hartu dutelako». Beraz, bi aukera izan zituzten esku artean oiartzuarrek: Gazte Mailako jokalariak lehen taldera igo, edo eliteko taldea bertan behera utzi. Bigarren aukera hautatu zuten taldearen arduradunek.
«Gazte Mailako kirolariak euren mailan garatzeko aukeraren alde egin dugu. Beraz, plaza saldu dugu», aitortu dute Saskilagunak-etik.
Allerru-Algeposa 2010-2011
Oiartzungo Saskilagunak 2010-2011