50 langabe gutxiago daude Oarso Bidasoan
Bidasoa Bizirik-ek Lanbideren datuetan oinarrituta jakinarazi du irailaren azken egunean baino 50 langabe gutxiago zeudela urriaren 31n Oarso Bidasoan. Oarsoaldean 64 pertsonatan jaitsi da langabezia azken hilabetean, eta Behe Bidasoan 14tan igo. Hala, denera, Behe Bidasoko langabezia tasa %13,48koa da (5.335 langabe), eta Oarsoaldekoa %12,93koa (4.584 langabe).
2010eko urriaren 31n Behe Bidasoko langabezia tasa %13,31koa zen (5.301 langabe), eta Oarsoaldekoa, berriz, %12,28koa (4.367 langabe). Beraz, 2010eko urritik 2011kora, 217 pertsonatan hazi da langabezia tasa Oarsoaldean, eta 31tan Bidasoan.
Gipuzkoan, oro har, 19 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua iraileko azken egunetik urriaren 31ra. Gipuzkoako langabezia tasa orokorra %11,29 da: 40.224 langabe daude herrialdean.
Gipuzkoan langabezia tasarik altuena duen eskualdea da Behe Bidasoa, eta zerrenda horretan bigarrena da Oarsoaldea. Langabezia gutxien duten eskualdeak Debagoiena (%8,83), Urola Kosta (%9,85) eta Urola Erdia (%10,79) dira.