Donostiak kanpo kaiari emandako babesa salatu du Pasaiako EBk
Donostiako Udalbatzak Pasaiako kanpo kaiari eta badia birgaitzeari emandako babesaren aurrean, Xabier Pombo Pasaiako EBko zinegotzia “suminduta” azaldu da, batetik, udalaren “erakunde arteko errespetu faltagatik”, eta bestetik, ...
Donostiako Udalbatzak Pasaiako kanpo kaiari eta badia birgaitzeari emandako babesaren aurrean, Xabier Pombo Pasaiako EBko zinegotzia “suminduta” azaldu da, batetik, udalaren “erakunde arteko errespetu faltagatik”, eta bestetik, Pasaiako PSE-EEk, EAJk eta PPk udal horri errespetua eskatuz idatzitako dokumentuari babesik ez emateagatik: “Sumingarria, lotsagarria eta kalifikatzailerik gabekoa da, Donostiako Udalak Pasaiaren birgaitzearen gaineko mozioak eztabaidatu eta onartzea, Pasaia hiriburuaren jarraipen bat izango balitz bezala”.
Pasa den osteguneko udalbatzarrean atera zen aurrera Donostian Pasaiako badiaren birgaitzeaz gain, Hondarribiko aireportua handitzeko eskaera. Alderdi guztiek egin zuten bi proiektu horiek egiteko eskaerekin bat, Bilduk izan ezik.
Pomboren arabera, zilegi da Gipuzkoako Batzar Nagusietan horri buruz eztabaidatzea, baina Donostiako Udalak egitea “loreontzitik kanpo pixa egitea” dela iritzi dio. Zehazki, hori Donostiako EAJk, PSE-EEk eta PPk egin dutela iritzi dio, eurak izan zirelako mozioari babesa eman ziotenak: “Eztabaida honetan lerro batzuk daude, erakundeen arteko errespetuak ezin dituenak gainditu, eta gainditu egin ditu”.
Horrez gain, udaleko hainbat lankidek ere huts egin dutela iritzi dio, “interes partidistak lehenetsiz, ez dutelako bat egin Donostiako Udalari gure herriari buruzko gaiak ez eztabaidatzeko egindako eskaerarekin”.
Pombok gaineratu du esku sartze horren aurrean, «batasunak eta adostasunak» bultzatuko dietela “beharrezko errespetua” irabazten: “Halako ekintzek sinesgarritasuna kentzen digute. Pasaiako erabakiak Pasaian hartu behar dira”.