Poza eta itxaropen zapuztuak
Zapore gazi gozoa. Gozoa sarituen zorionarengatik, gazia zortea lagun izan ez zutenengatik. Eskubidea beharko lukeena zozketa bidez erabakitzearen kontraesanak. Urteetako itxaronaldiaren ondoren, azkenik, gaur zozkatu dituzten Antxoko Kultur Etxean Luzuriagako babes ofizialeko 143 etxebizitza, erosketa erregimenean. Horietatik 72 etxe soilik pasaitarrentzat gordeta. Guztira, 2.500 eskatzaile. 11:00ak pasatxo hasi da zozketa, zenbakiak eskuan itxaropentsu zain zeuden herritarren aurrean. Eskatzaileen kopurua kontuan hartuta ikusleak ez dira gehiegi izan, besteak beste, gonbidapena behar zelako zozketa ikusteko, nahiz eta sarreran inongo kontrol neurrik ezarri ez. Oholtzan ipini duten mahaian, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko ordezkariak. Hitza hartzen lehena Eusko Jaurlaritzako etxebizitza ordezkari Pablo Peñacoba. Berak azaldu ditu zozketaren gaineko datu orokorrak. Mahaian zeuden guztiak aurkeztu eta ondoren Amaia Agirregabiria alkateari eman dio hitza. Kritikoa alkatearen irakurketa: «Pasaiako Gobernu Taldea ez dator bat etxebizitza politika honekin», irakurri duen Agirregabiriak. «Eskubideak ez dira zozketagarriak». Pasaiak azpiegituretan duen «gabezia izugarria» salatu du alkateak, eta Antxon eraikitzen ari diren etxebizitzak antxotarrentzat nahi zituztela nabarmendu du. «Jakin ezazue momentu honetan barruti honetan dagoen lokalik handiena eliza dela», esan die Kultur Etxean bildutakoei. Eusko Jaurlaritzari eskaera bat luzatu dio alkateak: « Pasaiako herriak jasaten duen utzikeria gainditu eta Luzuriagako proiektuan aurreikusitako epeak bete ditzatela», proiektuan Antxoko biziberritzerako ezinbestekoak diren azpiegiturak aurreikusten [...]
Zapore gazi gozoa. Gozoa sarituen zorionarengatik, gazia zortea lagun izan ez zutenengatik. Eskubidea beharko lukeena zozketa bidez erabakitzearen kontraesanak.
Urteetako itxaronaldiaren ondoren, azkenik, gaur zozkatu dituzten Antxoko Kultur Etxean Luzuriagako babes ofizialeko 143 etxebizitza, erosketa erregimenean. Horietatik 72 etxe soilik pasaitarrentzat gordeta. Guztira, 2.500 eskatzaile.
11:00ak pasatxo hasi da zozketa, zenbakiak eskuan itxaropentsu zain zeuden herritarren aurrean. Eskatzaileen kopurua kontuan hartuta ikusleak ez dira gehiegi izan, besteak beste, gonbidapena behar zelako zozketa ikusteko, nahiz eta sarreran inongo kontrol neurrik ezarri ez.
Oholtzan ipini duten mahaian, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko ordezkariak. Hitza hartzen lehena Eusko Jaurlaritzako etxebizitza ordezkari Pablo Peñacoba. Berak azaldu ditu zozketaren gaineko datu orokorrak. Mahaian zeuden guztiak aurkeztu eta ondoren Amaia Agirregabiria alkateari eman dio hitza. Kritikoa alkatearen irakurketa: «Pasaiako Gobernu Taldea ez dator bat etxebizitza politika honekin», irakurri duen Agirregabiriak. «Eskubideak ez dira zozketagarriak». Pasaiak azpiegituretan duen «gabezia izugarria» salatu du alkateak, eta Antxon eraikitzen ari diren etxebizitzak antxotarrentzat nahi zituztela nabarmendu du. «Jakin ezazue momentu honetan barruti honetan dagoen lokalik handiena eliza dela», esan die Kultur Etxean bildutakoei.
Eusko Jaurlaritzari eskaera bat luzatu dio alkateak: « Pasaiako herriak jasaten duen utzikeria gainditu eta Luzuriagako proiektuan aurreikusitako epeak bete ditzatela», proiektuan Antxoko biziberritzerako ezinbestekoak diren azpiegiturak aurreikusten direlako, «behin betiko anbulatorioa eta zaharren etxea, adibidez».
Kupoen arabera
Alkateak hitz egin ondoren notarioarekin batera zozketa gidatu duen Jaurlaritzako Lourdes Etxanizek hartu du hitza. Zozketarako ezarritako lau kupoen berri eman du lehenik, –mugikortasun urritasun iraunkorra dutenena, gazteena, 4 urtetik gorako antzinatasuna zutenena eta kupo orokorra–eta ondoren metodologia azaldu du, nahikoa korapilatsua.
Zozketari bide eman dio jarraian, publiko artetik zeuden boluntarioen laguntzaz. Hauei eman diete kadentzia erabaki duten zenbakia hartzearen ardura.
Garrasiak eta hasperenak
Oholtzaren bi aldeetan pantaila bana eta horietan zorioneko zenbakiak eta esleipendunen izen-abizenak, guztien bistan eta ozen irakurriak. Gor mutuentzako itzultzailea ere bertan zen zozketaren berri zuzenean eskainiz.
Zenbakiak irteten hasi orduko hasi ziren lehen oihu eta hasperenak entzuten publiko artean. Hasperenak zenbaki gutxigatik itxaropena zapuztuta ikusten zuten suminduen ahotan, oihuak ezin sinetsirik beren izena aitzen zuten lagunek jaurtiak.
Lehen zozketa zen Itziar Arrastiarentzako eta han zen zozketa ikusten: «Hiruzpalau urte da izena eman nuela baina inoiz ez zait ezer tokatu» zioen hunkiturik zozketa bukatuta. 27 urteko pasaitarra da. Antzekoa izan da Nagore Portugal antxotar gaztearen kasua. Han zen bere izena aipatu dutenean. Gazteen kupoan sartzen zen, eta zortea aldeko izan du bere lehen zozketan.
Txanponaren beste aldean Erika Lois. Orain dela lau urte eman zuen izena Etxebiden eta zain jarraitu beharko du. Ez zegoen pozik: «Sentsazioa ez da oso ona. Bitan zenbaki batengatik ez zaigu tokatu», zioen etsita, alaba jaioberria eskuan.
Gehienentzat atzo zapuztu zen itxaropena, baina itxaron zerrendetan hobekien kokatu direnek badute oraindik aukera. Horien gaineko informazio eta esleipendunen zerrendak Etxebideren webgunean kontsulta daitezke.


