Gernikako Akordioak manifestazioa antolatu du etziko Bilbon, eta hara joateko autobusak prestatu dituzte Oarsoaldean eta Bidasoan. Ordutegiak eta txartelak non erosi jakiteko beheko zerrendan agertzen da informazio guztia xehe-xehe.
Herritarrok ere konponbidea nahi dugu lelopean antolatu dute manifestazioa. Deialdia egin dutenen arabera, euskal herritar gehiengo zabalak konponbidea, bakea eta normalizazio politikoa nahi du. “Bakea eta normalizazio politikoa hain dira garrantzitsuak ezin ditzakegula inoren esku utzi. Herritarrok konponbide prozesu horretan parte hartu nahi dugu”, adierazi dute.
Bakeak eta normalizazio politikoak “egiazkoak eta edukiz beteak” izan behar du, eta hala, Gernikako Akordioaren edukia ekarri dute gogora; alegia, konponbideak “integrala, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketatua” izan behar duela.
Ibilbide horretan ere hainbat mugarri markatu dituzte: preso politikoen egoera hobetzea gaixo daudenak askatuz, Parot doktrina bertan behera utziz, Euskal Herriko espetxeetara hurbilduz, eta prozesuan euren parte hartzea erraztuz; Sortu zein arrazoi ideologikoengatik ilegalizatu dituzten elkarteak legeztatzea; epaiketa politiko guztiak geldiarazi eta pertsonen aurkako jazarpen amaitzea; eta biktima guztien errekonozimendua egitea.
Herritarrei, gainera, manifestaziorako deia zabaltzeko eskatu diete, eta horretarako, euren esku jarri dute
Gernikako Akordioaren webgunea. Horren bidez, euren herri, hiri edo auzoaren izenaz lagunduta, argazkiak eta bideoak eskegitzea eskatu diete, larunbateko deialdi hori egin duten eragile politiko, sindikal eta sozialek manifestazioa “herritar guztiena” izatea nahi dutelako.
Manifestazioa 17:30ean aterako da, Kasillatik.
Autobusak
Errenteria-Orereta: 15:30ean irtengo da autobusa Panierreko zubitik. Izena emateko zerrendak ohiko tokietan daude.
Lezo: Autobusa ohiko tokitik aterako da, 15:30ean, eta zerrendak Oriotarran eta Azkenan daude.
Pasaia: Diatik aterako da autobusa Antxon, 15:30ean, eta Mimos eta Kamion eman daiteke izena. Donibanen, autobusa 15:15ean aterako da Meipitik, eta zerrendak Itziar, Remos eta Alkartetxean daude.
Oiartzun: Zerrendak hiru tokitan daude: Amazkar eta Makutxo tabernetan, eta Garmendi txokolategian. Ostiral gaua da izena emateko azken eguna. Larunbatean 15:30ean aterako da autobusa liburutegi paretik.
Hondarribia: Bi autobus aterako dira. Txartelak Muara tabernan lor daitezke, eta gazteek beherapena izango dute.
Irun: Autobusa Biseratik irtengo da, 15:30ean. Izena emateko Hazia elkartetik pasatu beharko da. Izena ematen duen jendearen arabera erabakiko da txartelaren prezioa.