Euskaldunaren bisita jasoko du Allerruk bihar
Erregional Preferenteko laugarren jardunaldiko partida jokatuko du Allerruk bihar, 17:45etik aurrera, Plazetan. Aurrean Andoaingo Euskalduna taldea izango dute lezoarrek: jokatutako hiru partidetan oraindik ez dute punturik lortu. Plazeta bisitatuko du...
Erregional Preferenteko laugarren jardunaldiko partida jokatuko du Allerruk bihar, 17:45etik aurrera, Plazetan. Aurrean Andoaingo Euskalduna taldea izango dute lezoarrek: jokatutako hiru partidetan oraindik ez dute punturik lortu.
Plazeta bisitatuko duen taldearen hasiera kaskarra ikusita, eta zuri-berdeen bide onak, hiru puntuak herrian geldi daitezkeela pentsatzera eraman ditzakete Allerruren zaleak. Izan ere, lezoarrak laugarren daude sailkapenean, ligaren hasieran bi partida irabazi —azkena aurreko jardunaldian, 0-3 Martuteneren etxean— eta bakarra galdu dutelako.
Baina zelaira ez dira lasaiegi atera behar etxekoak, konfiantza girotik ihes egin behar dute, baldin eta sorpresarik jaso nahi ez badute.
Allerru B eta nesken taldea
Sasoia oso ondo hasi du Allerru Bk. Jokatu dituen bi partidak irabazi ditu, biak ala biak Errenteria-Oreretako taldeen kontra —Touring Bri 0-1 irabazi zioten, eta Beti Ona Bri 3-0—.
Bolada onari eusteko partida garrantzitsua izango dute gaur Urnietan, 20:00etan, lezoarrek. Bi taldeak Lehen Erregionaleko euren taldeko lider dira, seina punturekin, eta lehenengo postu hori jokoan izango dute.
Gipuzkoako Ligan dabilen Allerruko nesken taldeak, berriz, Real Unionen bisita jasoko du bihar, 15:30ean, Plazetan. Hirugarren jardunaldiko partida izango da neskena: bigarrenean bina egin zuen Touringen etxean, eta lehenean atseden hartu zuen.

