‘Bateragune auzia’-ren adierazpena eta hamasei gazte auzipetuen mozioa aurrera
Atzo arratsaldean egin zuten uda osteko lehen udalbatzarrean, bi puntu nagusi zituzten zinegotziek eztabaidatzeko: Bateragune auziari buruzkoa bata, eta eskualdeko hamasei gazte auzipetuei buruzkoa bestea. Biak aurrera atera ziren udal gobernu taldearen (Bildu eta EB) eta EAJren aldeko botoei esker. Bi kasuetan PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten. Bateragune auzia-ri buruzko proposamena Bilduk eta EBk egin zuten; lau puntukoa: Errenteriako Udalak bere egitea bake prozesua eta normalizazio politikoa erakunde eremutik defendatzeko eta sustatzeko; udalak salatzea Bateragune auziko epaiaren izaera politikoa, eta Espainiako Estatuari eskatzea bake prozesurako eta normalizazio politikorako ekarpenak egitea epaiketa politikoekin amaitzeko; udalak exijitzea zigortutako pertsona guztien askatasuna, batik bat, Errenteria-Oreretako Sonia Jacintorena; eta akordioa Espainiako Gobernuari eta gainontzeko instantzia judizialei igortzea. Jose Manuel Ferradas EBko bozeramaileak adierazi zuen “ezin direla gainetik pasatu irekitzen ari diren denbora berriak entzungor egiten dituzten epaiak”. Maite Peña EAJko bozeramaileak gai horretan alderdiak markatutako ildoari jarraituko diotela adierazi zuen, eta horrenbestez, bat egiten dutela erabakiarekin (alde dispositiboarekin), baina ez, ordea, erakusketarekin (alde expositiboarekin). Hain zuzen, alde dispositiboa bozkatzeko eskatu zuen Peñak, eta hori atera zen aurrera. Kontrako botoei dagokionez, Juan Carlos Merino PSE-EEko bozeramaileak azaldu zuen ez zutela bat egingo adierazpen instituzionalarekin: “Nahiz eta bake eta normalizazioan momentu interesgarrian bizi garen, eta [...]
Atzo arratsaldean egin zuten uda osteko lehen udalbatzarrean, bi puntu nagusi zituzten zinegotziek eztabaidatzeko: Bateragune auziari buruzkoa bata, eta eskualdeko hamasei gazte auzipetuei buruzkoa bestea. Biak aurrera atera ziren udal gobernu taldearen (Bildu eta EB) eta EAJren aldeko botoei esker. Bi kasuetan PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten.
Bateragune auzia-ri buruzko proposamena Bilduk eta EBk egin zuten; lau puntukoa: Errenteriako Udalak bere egitea bake prozesua eta normalizazio politikoa erakunde eremutik defendatzeko eta sustatzeko; udalak salatzea Bateragune auziko epaiaren izaera politikoa, eta Espainiako Estatuari eskatzea bake prozesurako eta normalizazio politikorako ekarpenak egitea epaiketa politikoekin amaitzeko; udalak exijitzea zigortutako pertsona guztien askatasuna, batik bat, Errenteria-Oreretako Sonia Jacintorena; eta akordioa Espainiako Gobernuari eta gainontzeko instantzia judizialei igortzea.
Jose Manuel Ferradas EBko bozeramaileak adierazi zuen “ezin direla gainetik pasatu irekitzen ari diren denbora berriak entzungor egiten dituzten epaiak”. Maite Peña EAJko bozeramaileak gai horretan alderdiak markatutako ildoari jarraituko diotela adierazi zuen, eta horrenbestez, bat egiten dutela erabakiarekin (alde dispositiboarekin), baina ez, ordea, erakusketarekin (alde expositiboarekin). Hain zuzen, alde dispositiboa bozkatzeko eskatu zuen Peñak, eta hori atera zen aurrera.
Kontrako botoei dagokionez, Juan Carlos Merino PSE-EEko bozeramaileak azaldu zuen ez zutela bat egingo adierazpen instituzionalarekin: “Nahiz eta bake eta normalizazioan momentu interesgarrian bizi garen, eta begi bistakoa den urrats garrantzitsuak ematen ari direla, horrek ezin du zuzenbide estatuaren aurretik egon edo hori zalantzan jarri”. PPk ez zuen hitz egin.
Eskualdeko hamasei gazte auzipetuei buruzko adierazpen instituzionala ere Bilduk eta EBk proposatu zuten. EAJrekin batera, ordea, mozio transakzionala aurkeztu zuten. Bertan, gogorarazi zuten errugabetasun-presuntzioa eta prozesamendu bermeak errespetatuak izan behar dutela, baita politikan parte hartzea eta biltzeko eskubidea ere. Gaineratu zuten pertsonak “euren ekintzengatik” izan behar dutela epaituak eta “ez euren ideiengatik”. Horrenbestez, udalbatzarrean onartutako mozioan onartu zuten udalak bere kezka agertzea gazteen kontra epaiketarekin, politika epaitzeak sortzen duen segurtasun eza adieraztea; indar politiko guztiek parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzea; eta akordioa Espainiako Auzitegi Nazionalari igortzea.
Peñak adierazi zuen “gizartearen eskaeraren aurrean arduraz” jokatu nahi izan dutela, eta Bildu eta EBren mozioaren aurrean bi taldeekin batera alternatiba bat hitzartzeko lanean aritu direla. Luisma Diez Bilduko bozeramaileak, berriz, akordio hori “normalizazio politikoren bidean urrats oso garrantzitsua” dela eta “bide horretatik jarraitu” behar dutela azaldu zuen.
Idatziaren harira, Merinok esan zuen “hitzek baino gehiago axola dutela ekintzek”, eta ildo horretatik, epaiketaren sumarioko zati bati egin zion erreferentzia: “Auzipetu bati etxean hainbat material atzeman zioten, eta horien artean PSE-EEko bederatzi zinegotzien izenak dituzten hainbat folio daude, eta baita PSE-EEren siglak diana baten barruan”. Horrenbestez, ez zutela alde bozkatuko jakinarazi zuen.
Arkaitz Anza auzipetuak ere hartu zuen hitza, eta “epaiketa bost egunetan ateratako tortura deklarazioetan oinarritzen” dela salatu zuen: “Epaia laster emango digute, baina badakigu epai erabat politikoa izango dela”. Halako epaiketek Euskal Herrian bizitzen ari den prozesua oztopatzen dutela gaineratu zuen. Gazteek, ordea, “prozesuarekin duten konpromisoa” berretsi zuten. Merinori ere erantzun zion: “Zuek zarete torturari buruz ez hitz eginda hemen torturatzen jarraitzea posible egiten duzuenak”.
Zabortegiaren mozioa
Horrez gain, San Markoko zabortegiaren gaineko mozioa eztabaidatzeko eskatu zuen PSE-EEk. Horretarako, ohiko bidea jarraitu zuela, baina gai zerrendan ez zela azaldu kritikatu zuen Merinok. Julen Mendoza alkateak erantzun zion udal gobernuari hainbat kudeaketa egiteko eskatzen zaiola bertan, eta horregatik txostena eskatu zuela udalak gai horren gainean dituen konpetentziak argitzeko. Merinok, berriz, ez zuen bat egin alkateak hartutako erabakiarekin, ez zuelako beharrezkotzat jo txosten hori. Hala ere, urriko udalbatzarrari begira, beste mozio bat aurkeztuko du PSE-EEk.