Kirolean hasiberriak diren emakumeentzako programa
Udal kirol patronatuak bat egin du hirugarren urtez jarraian Donostiako Fortuna Kirol Klubak antolatutako Zuk zeuk probatu ekimenarekin. Programa hori kirolean hasiberriak diren emakumeei zuzendutakoa da. Horren bidez, emakumeen parte hartzea sustatu n...
Udal kirol patronatuak bat egin du hirugarren urtez jarraian Donostiako Fortuna Kirol Klubak antolatutako Zuk zeuk probatu ekimenarekin. Programa hori kirolean hasiberriak diren emakumeei zuzendutakoa da. Horren bidez, emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute batik bat lasterketa herrikoietan. Behobia-Donostia proban %14 inguru dira emakumeak, eta Errenterian-Oreretan antolatzen direnetan, oraindik eta baxuagoa portzentaje hori. Europan parte hartzea handiagoa da: %20koa.
Datu horiei begiratuta, “ekintzetara pasatzeko garaia” dela iritzi diote udal kirol patronatutik, eta dei egin diete emakume guztiei euren bizitzetan kirola sar dezaten, oinezko lasterketa edo runningaren bidez: “Oinezko lasterketak onura fisikoak zein psikologikoak ematen ditu: biriken eta bihotzaren gaitasuna handitu, hezurrak eta giharrak sendotu, barne organoen funtzionamendu orokorra hobetu, gorputzaren koipearen portzentajea gutxiagotu eta autoestimua hobetu. Gainera, ekoizpena sustatzen duenez, hobeto sentiarazten gaitu”.
Ekimenean parte hartzeko izena eman beharko da Galtzarabordako kiroldegiko harreran edo 943 44 96 20 telefono zenbakian irailaren 26tik aurrera. Entrenamenduak Dana Romero EAT elkarteko zuzendariak emango ditu. Gorputz Hezkuntzan lizentziatua da, eta eskarmentu handia du kirol entrenamenduren esparruan.

