Dantza sentitu eta ukitzeko gonbita, Dantza Hirian jaialdiaren eskutik
Dantza hirian jaialdia egingo dute igandean
Donostia, Irun, Baiona eta Donibane Lohizunetik igaro ostean, igandean Errenteria-Oreretara iritsiko da Dantza Hirian jaialdia hirugarrenez. Arratsaldeko sei eta erdietan hasita, ordubetez lau dantza konpainien lanak ikusteko aukera izango dute herritarrek beste hainbeste gunetan: Herriko Enparantzak Kukai konpainiaren Aupa Mutil lana hartuko du 18:30ean; Bruselan bizi den Yiphun Chiem Kanbodiarrak Apsara lana eskainiko du Zumardian 18:50ean; Ertza donostiarrak, berriz, Foruen Plazan ariko dira 19:10ean Transparent lanarekin; eta, amaitzeko Xabier Olaskoaga plazan, Sinnerman lana eskainiko du Jesus Rubio Madrildarrak. “Jaialdiaren helburua, dantza garaikidea jenearengana hurbiltzea da”, azaldu dute Kukai Dantza Konpainiako zuzendari Jon Maiak eta Dantza Hirian jaialdiaren zuzendari Myriam Arkaiak. Horregatik, dantza emanaldi guztiak kalean egiten dituzte eta doakoak dira.
Jaialdiaren helburua betetzen dutela esan daiteke, antolatzaileek emandako datuen arabera, 10.000 ikusle izan baitzituen guztira jaialdiak iaz. Aurten kopuru horiek errepikatzea espero dute eta dantza sentitu, entzun eta ukitzera animatu dituzte herritarrak.
Sentsibilizazioa lantzen
Gaur goizean egindako agerraldian, Kukai Dantza Konpainiak udalarekin duen hitzarmenaren barruan antolatutako ekimenen berri eman zuen Maiak: “Gaztetxoenekin hasiko gara dantzaren gaineko sentsibilizazioa lantzen, eta horretarako, Karrikan lanaren hainbat pasarte egingo ditugu Xabier Olaskoga plazan”. Hitzordua etzidamu, 11:00etatik aurrera egin dute, eta bertan izango dira herriko hainbat ikastetxeetako haurrak. Halaber, saioak antolatu dituzte ikastetxeetan, iaz bezala: “Saio horietan dantza konpainiaren lana nolakoa den azaltzen diegu haurrei, eta bideo emanaldi eta dantza saio batekin osatzen dugu. Ondoren, ikasleekin hitz egiten dugu ikusitakoaren gainean”, azaldu du Maiak. Saioekin urriaren 5ean hasiko dira Langaitz ikastolan, eta ondoren, beste ikastetxeetara zabalduko dute ekimena.
Bestalde, Kukai Dantza Konpainiako kideak Kolonbian izan dira, eta Maia bertan izandako esperientziaz ere aritu da: “Oso pozik itzuli gara. Maizalesen antolatutako Arte Eszenikoen jaialdian bost saio eskaini ditugu guztira; gustura gaude egindakoarekin, eta bertakoak ere hala geldituko zirela espero dugu”.