Irungo TAOko langileen greba "modu faltsuan" bukatu dela salatu du ELAk
Lan baldintzak hobetzeko hasi zuten greba Irungo TAOko langileek. ELAko ordezkaritzak bultzatu zuen greba —gatazka hasi zenean langileen ordezkaritza ELArena zen bakarrik—. Besteak beste, Gipuzkoako beste herri batzuetako TAOko langileen lan baldintza «antzekoak» nahi zituzten Irungoek, Errenteriakoenak, Tolosakoenak edo Zarautzekoenak bezalakoak, adibidez: “Soldata %30 handiagoa dute, esaterako, herri horietako langileek”.
Greba hasi zutenetik bilerak, mobilizazioak eta bestelako ekintzak egin dituzte grebalariek. Tartean, ordea, Eyssak hamar langileri kanporatuak izateko arriskua zutela esan zien, eta azkenean, horietatik hiru kaleratu zituen.
«Harro gaude»
Greban zeuden langileak halabeharrez hasi ziren berriz ere jardunean hilaren 5ean, ELAtik jakinarazi dutenez, gehiengo sindikalaren aldaketaren ondorioz greban jarraitzea “ilegala” izan zitekeelako. “Hala ere, horrek ez du esan nahi etsi dugunik. Gipuzkoako beste herrietako TAOko langileen lan baldintzetara hurbiltzeko borrokan jarraituko dugu. Egin dugun bideaz harro gaude”.
Grebak iraun bitartean Eyssa enpresak izan duen jokabidea gogor kritikatu dute ELAko ordezkariek. Enpresak lan baldintzak hobetzeko inolako asmorik ez duela agertu esan dute, eta gainera, langileen kontrako mehatxuak salatu dituzte, “hiru langile kanporatzera iritsi dira ere”.
Eyssak langileen kopurua bere nahietara “loditu” duela esan dute ELAtik, “hiru langile kanporatzeaz gain, beste zortzi kontratatu dituztelako. Kontratazio batzuk ez legezkoak izan direlakoan gaude, eta helburu bakarra izan da langileen arteko gehiengoa aldatzea, greba bukatzeko”.
Bulegoetan
Lan gatazka lanean hastearekin ez dela bukatu ziurtatu dute ELAtik, epaitegietan eta lan ikuskaritzan Eyssaren kontrako hainbat bide zabalik daudelako. KRONOLOGIA
Apirilak 1. Irungo TAO zerbitzuko eta garabietako langileek greba hasten dute, lan baldintzetan hobetzea eskatzeko. Hasteko, hamabost eguneko greba egitea adosten dute langileek.
Apirilak 27. Irungo Udalak mozioa onartzen du, Eyssa enpresari eskatuz, besteak beste, Irungo langileekin negoziatzeko.
Maiatzak 19. Greban dauden TAOko langileek eta Eyssako ordezkariek bilera egiten dute. Langileak ez dira gustura ateratzen bilkuratik, eta grebak luze jo dezakeela esaten dute. Irungo Udalaren mozioari Eyssak «iruzur» egiten diola esaten dute langileek, UGTrekin eta CCOOrekin zenbait lan baldintza hobetzeko akordioa egin duelako enpresak, baina herrialde mailan, ez Irunen.
Ekainak 10. Eyssa enpresak greban dauden hamar langileri burofaxa bidaltzen die, kaleratuak izateko arriskua dutela esanez, greban ez dauden langileei «eskirol» deitzeagatik. Aurrerago, hiru langile kaleratzen ditu Eyssak.
Uztailak 22. Grebaren 121. egunean, herrialdeko manifestazioa egiten dute Irunen. Irungo Udalaren jarrera salatzen dute bertan: «TAO zerbitzuan normaltasun egoera dagoela agertu nahi du alkateak. Hori ez da horrela».
Abuztua. Eyssak Irungo TAOko langileen kopurua 30etik 38ra handitzea erabakitzen du.
Abuztuak 31. Hauteskunde sindikalak egiten dituzte TAO zerbitzuko langileek. Eyssak langileen kopurua 30etik 38ra igo zuelako, gehiengoak aldatzen dira TAOko langileen ordezkarietan: CCOOK irabazten ditu hauteskunde horiek (bi ordezkari) eta ELAk ordezkari bakarra lortzen du.
Irailak 2. Irungo TAOko langileen ordezkarien gehiengoak (CCOOkoak), greba bukatutzat ematen du. Irailaren 5ean berriz ere lanean hasten dira langileak. ELAk gogor kritikatzen du erabaki hori, Eyssak iruzurra egin duelakoan.


