Maxusen kromatismoarekin jantzi da Euskadiko Kutxa
Artista irundarraren margoekin ireki dute 2011/2012 ikasturteko lehen erakusketa Euskadiko Kutxan Kolore biziko erakusketa inauguratu zuten atzo arratsaldean Euskadiko Kutxak Colon pasealekuan duen aretoan. Maxus herriko artistaren lanak bildu dituzte, azken urteetan margotutakoak. Orotara, hogeita hamarretik gora olio eta lau marrazki prestatu ditu Maxusek atzo ireki eta hilaren 25era arte bisitatu daitekeen bildumarako. Batzuk paisaiak dira, gehienak, beste batzuk kostunbristagoak, baina denetan ezaugarri bat dago; hots, kromatismoaren indarra, hori baita Maxusen lanaren ezaugarri nagusia. Bere estiloa definitzea zaila egiten zaiola esan zuen Maxusek atzoko aurkezpenean, hori bai, “sortzen asko disfrutatzen” duela argi utzi zuen. “Lan egiteko dudan modua apala da, naturaltasunez margotzen dut”, esan zuen artistak atzoko aurkezpenean. Erakusketarako «gertuko figurak, bisitariak erraz ezagutzeko moduko txokoak» aukeratu ditu irundarrak. Irungo paisaiak ageri dira batez ere, Hendaiako eta Hondarribikoren bat edo beste. Hiriko artista berriak Laugarren aldia da Euskadiko Kutxaren hormetan Maxusen margoak eskegitzen dituztela, azkena duela bost urte. “Hiriko artista askok hemen erakutsi dituzte lanak lehen aldiz, eta bertan erakusteak ezagunak izateko balio izan die”, gogoratu du, esker onez. Erakunde finantzarioak Irungo Udaleko Kultura Sailarekin hitzarmena du, eta udalak hainbat erakusketa antolatzen ditu urtero Colon pasealekuko aretoan. Horrela, 2011/2012 ikasturtean 27 erakusketa izango direla aurreratu du Belen Sierra Kultura ordezkariak. [...]
Artista irundarraren margoekin ireki dute 2011/2012 ikasturteko lehen erakusketa Euskadiko Kutxan
Kolore biziko erakusketa inauguratu zuten atzo arratsaldean Euskadiko Kutxak Colon pasealekuan duen aretoan. Maxus herriko artistaren lanak bildu dituzte, azken urteetan margotutakoak. Orotara, hogeita hamarretik gora olio eta lau marrazki prestatu ditu Maxusek atzo ireki eta hilaren 25era arte bisitatu daitekeen bildumarako.
Batzuk paisaiak dira, gehienak, beste batzuk kostunbristagoak, baina denetan ezaugarri bat dago; hots, kromatismoaren indarra, hori baita Maxusen lanaren ezaugarri nagusia.
Bere estiloa definitzea zaila egiten zaiola esan zuen Maxusek atzoko aurkezpenean, hori bai, “sortzen asko disfrutatzen” duela argi utzi zuen. “Lan egiteko dudan modua apala da, naturaltasunez margotzen dut”, esan zuen artistak atzoko aurkezpenean. Erakusketarako «gertuko figurak, bisitariak erraz ezagutzeko moduko txokoak» aukeratu ditu irundarrak. Irungo paisaiak ageri dira batez ere, Hendaiako eta Hondarribikoren bat edo beste.
Hiriko artista berriak
Laugarren aldia da Euskadiko Kutxaren hormetan Maxusen margoak eskegitzen dituztela, azkena duela bost urte. “Hiriko artista askok hemen erakutsi dituzte lanak lehen aldiz, eta bertan erakusteak ezagunak izateko balio izan die”, gogoratu du, esker onez.
Erakunde finantzarioak Irungo Udaleko Kultura Sailarekin hitzarmena du, eta udalak hainbat erakusketa antolatzen ditu urtero Colon pasealekuko aretoan. Horrela, 2011/2012 ikasturtean 27 erakusketa izango direla aurreratu du Belen Sierra Kultura ordezkariak. “Izaera soziala duen aretoa da, artista berriei, hiriko artistei aukera ematen diena, baita hiriko arlo askotariko elkarteei ere”, nabarmendu du Sierrak.
Bost mila lagunek bisitatzen dituzte urtero Euskadiko Kutxan antolatzen dituzten mostrak.