Goiatz Labandibarrek irabazi du XIV. Igartza Saria, ‘Interrail’ proiektuarekin
Oporretan zegoen eta ia ahaztuta zeukan Igartza Sarietara aurkeztu zenik ere. Atseden egunetan zegoela, Xabier Mendigurenek deitu zion lehen saria eman ziotela esanez. Pozik, ilusioz, baina errespetuarekin hartu zuen albistea Goiatz Labandibarrek. Hamahiru proiektu aurkeztu ziren, baina Interrail behin-behineko izena daukan ipuin bildumaren egitasmoa aukeratu du epaimahaiak. Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele jaio ziren epaimahaiko kideak. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza. Urte bat inguru izango du Labandibarrek lana borobiltzeko, eta Mendigurenen arabera, liburua 2013ko udaberrian argitaratzea espero dute. Europan barrena Interrail proiektua, Europan barrena egindako bidaia baten antzera egituratutako ipuin bilduma da. Liburuak denera, hamaika istorio bilduko ditu, eta beste hainbeste hiri ezagutaraziko dizkio irakurleari. Zehazki, hamar izango dira hiriak, Hendaia abiatuntu eta helmuga baita tren bidaia horretan. Duela hiru urte egin zuen bidaia hori, trenez, Labandibarrek berak. Hendaian abiatu, eta Marseilla, Geneva, Venezia, Triste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza ezagutu zituen. Bidaia Hendaian bukatu zuen. Hiri bakoitzak bere arrastoa utzi zuen irabazlearengan eta horiei buruz zerbait idaztea otu zitzaion. Hala ere, duela hilabete batzuk borobildu zuen ideia: “Ez nuen asmatzen nola lotu tokiak, edo zer idatzi… Duela hilabete batzuk, loturi hori nola egin ikusi nuela iruditu zitzaidan”. Hala, Igartzako deialdiaren berri jaso, eta [...]
Oporretan zegoen eta ia ahaztuta zeukan Igartza Sarietara aurkeztu zenik ere. Atseden egunetan zegoela, Xabier Mendigurenek deitu zion lehen saria eman ziotela esanez. Pozik, ilusioz, baina errespetuarekin hartu zuen albistea Goiatz Labandibarrek.
Hamahiru proiektu aurkeztu ziren, baina Interrail behin-behineko izena daukan ipuin bildumaren egitasmoa aukeratu du epaimahaiak. Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele jaio ziren epaimahaiko kideak.
Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza. Urte bat inguru izango du Labandibarrek lana borobiltzeko, eta Mendigurenen arabera, liburua 2013ko udaberrian argitaratzea espero dute.
Europan barrena
Interrail proiektua, Europan barrena egindako bidaia baten antzera egituratutako ipuin bilduma da. Liburuak denera, hamaika istorio bilduko ditu, eta beste hainbeste hiri ezagutaraziko dizkio irakurleari. Zehazki, hamar izango dira hiriak, Hendaia abiatuntu eta helmuga baita tren bidaia horretan.
Duela hiru urte egin zuen bidaia hori, trenez, Labandibarrek berak. Hendaian abiatu, eta Marseilla, Geneva, Venezia, Triste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza ezagutu zituen. Bidaia Hendaian bukatu zuen.
Hiri bakoitzak bere arrastoa utzi zuen irabazlearengan eta horiei buruz zerbait idaztea otu zitzaion.
Hala ere, duela hilabete batzuk borobildu zuen ideia: “Ez nuen asmatzen nola lotu tokiak, edo zer idatzi… Duela hilabete batzuk, loturi hori nola egin ikusi nuela iruditu zitzaidan”. Hala, Igartzako deialdiaren berri jaso, eta aukera baliatu zuen. Baliatu, eta saria irabazi.
Hori bai, argi utzi du ipuinak fikziozkoak direla: “Batzuetan, han bizitutako edo ikusitako zerbait izan da narrazioa abiatzeko aitzakia, edo ideia… Agian istorio hauek beste toki batzuetan ere gerta zitezkeen, baina ez ziren berdinak izango, elementu batzuk nahitaez aldatuko lirateke”.
Errespetua
Goiatz Labandibar Arbelaitz Oiartzunen jaio zen 1985ean. Kazetaria da ikasketaz eta ogibidez. OARSOALDEKO HITZA-n egin zuen lan, eta egun udalean ari da komunikazio arduradun. Pozik dago. Ilusioz. Baina errespetua sentitzen du. Aurretik, hainbat sari irabazi izan ditu, baina libururik ez dauka publikatuta. Interrail izango da lehena.
“Albistea jasotzean blokeatuta gelditu nintzen, baina pozik jarri nintzen. Hori bai, sariak bere pisua dauka eta nigan jarri duten konfiantza edo aurreikuspenak betetzea espero dut”, dio. Oraingoz, hiruzpalau ipuin ditu idatzita: “Bikote batek errutinarekin nola hausten duen, askatasunari beldurrari buruzkoa bestea…”. Gainontzekoak 2013an ezagutuko ditu irakurleak.
Urtero, literatur saria
Elkar argitaletxeak, Beasaingo udalak eta CAF trengintza enpresak urtero antolatzen duten literatur saria da Igartza Saria. 35 urtetik beherako idazle gazteak saritzen ditu, eta parte hartzaileek gehienez bi liburu izan ditzakete argitaratuak. Aurtengoa XIV. aldia izan da.
Igartza Sariak ez ditu bukatutako liburuak saritzen, proiektuak baizik, eta irabazleak aurkeztutako proiektua gauzatzeko beka bat jasotzen du.
Eskualdeko beste sarituak
Oarsoaldea eskualdean beste bi idazle gaztek jaso dute Labandibarren aurretik Igartza Saria. 2006an Jon Martin oiartzuarrak jaso zuen, eta Ero liburua argitaratu zuen ondoren. Eider Rodriguez oreretarrak, berriz, 2008an irabazi zuen, eta Katu jendea liburua izan zen emaitza.