Asteburuan egingo duten Erdi Aroko X. azokan 70 artisauk hartuko dute parte
Erdi aroko azoka
Erdia Arora itzuliko dira Errenteria-Oreretako kaleak bi egunez, izan ere, etzidamu eta igandean Erdi Aroko azokaren hamargarren aldia egingo baitute Errenkoalde elkarteak eta udalak antolatuta.
Bihar bertan hasiko dira garaiko oihalekin kaleak apaintzen eta kutsu hori mantentzea eskatzen zaie azokan parte hartuko duten artisau eta merkatariei.
Guztira 70 artisau postu izango dira aurten, eta horietatik bostetan herriko artisau eta merkatariak arituko dira; beste guztietan Naparbideak enpresako artisauak ariko dira produktu salmentan. “Azokak hamar urte beteko dituela eta, artisau gehiagok parte hartzea nahi izan dugu” azaldu du Imanol Iparragirre Errenkoaldeko lehendakariak gaur eguerdian egindako agerraldian, eta baita helburua lortu ere, joan den urteko azokan baina 20 postu gehiago izango baitira aurten.
Kokapenari dagokionean, “azken urteotan izandako bera” mantendu izango dutela esan du Irune balentziaga euskara zinegotziak. Hala, Santxo Enea, Andre Mari, Kapitanenea, Madalena (Zumarditik Santxo Enea kalea bitartean), Herriko Enparantza, Biteri Txiki eta Zumardian izango dira artisau postuak. Postuak 10:30etan eta 17:00etan zabalduko dituzte eta itxiera ordurik ez dute jarrai “izan ere, jendea dabilen bitartean artisauak zabalik mantenduko baitituzte egindako produktuak saltzeko” azaldu du Iparragirrek.
Lantegiak txikienentzat
Asteburuan azokara biltzen direnek hamaika produktu erosteko aukera izango dute eta baita horietako batzuk nola egiten dituzten ikusteko parada ere. Ikusi eta ikastea da hain zuzen ere azokaren egitarauaren barruan antolatu dituzten lantegi postuen helburua. Txikienei begira, egurrezko jokuen tailerra, garaiko ogibideena, buztinarena, loreena eta egurrezko kateen lantegia egingo dituzte. Guztiak parte-hartzaileak izango direla azaldu du iparragirrek: “buztin tailerrean txarroak egingo dituzte eta etxera eram ondoren; loreen lantegian berriz, haziak landatuko dituzte”. Urtero bezala, Alaia elkarteko kideek ere hartuko dute parte hamargarren azokan. Zumardian izango da Alaia elkartearen postua.
13.000 lagun bi egunetan
Hirugarren urtez Gipuzkoako ehozirilarien lanak ikusteko aukera izango dute udaletxeko arkupetara joaten diren lagunek. Azokak irauten duen bitartean Zamorako gaita jotzaileak ibiliko dira kaleak girotzen eta antzerkia ere ez da faltako. Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu diete azkenik azokara etorriko direnei: “bisitari asko jasotzen ditugu, 13.000 lagun izan ziren bi egunetan joan den urtean eta aurten kopuru beretan ibiltzea espero dugu” esan du Iparragirrek.