Gorka Sarriegi: “Ez genuen espero hain urruti iritsiko ginenik”
Hondarribiko jaiak hasteko bezperan hitz egin du Gorka Sarriegik (Irun, 1973) Gipuzkoako Hitza-rekin, jaiez gozatzeko asmoa du. Beharbada bere izenak ez du asko iradokitzen, baina Sorotan Bele taldeko abeslaria izan zela aipatzen bada, askori gogora etorriko zaie edozein herriko plazan zenbat gozatu zuen erroak Hondarribian zituen taldearekin. 1996ko azaroaren 30ean eman zuten azken kontzertua, Irunen, eta ordutik, bere bidea egin dute Sarriegik eta taldea osatzen zuten guztiek. “Itsasoan ibiltzeko afizioa beti izan dut, eta titulaziorik ez nuen. Libre nengoenez, Pasaiako Itsas Eskolan ikasketak egin nituen, eta administrazio ikasketak egin nituen Irunen”, dio Sarriegik, 1996ko azaroaren 30 hartatik zer egin duen galdetzerakoan. Ikasketa horiengatik, Hondarribiko Nautikoan lanean hasi zen, eta ondoren kirol kaian izan zen jardunean, hamar urtez. Egun Alkain dendan dabil lanean, Astigarragako egoitzan: “Musikaren alorra pixka bat apartatuta utzi nuen, beraz. 2001ean bakarkako diskoa atera nuen, Gorka Sarriegi izenekoa. Musika serioa-ren mundua albo batera utzita izan dudan arren, Urbil Artolarekin-eta harremana izan dut; beti egon gara elkarrekin geratzen eta abestiak egiten”. Izan ere, zazpikotea zen Sorotan Bele. Sarriegi abeslari nagusiaz eta Urbil Artolaz gain (gitarra eta ahotsak), Mikel Errazkin (flauta), Ritxi Salaberria (baxua), Aitor Etxaniz (bateria), Ixiar Amiano (teklatuak) eta Mikel Izulain (biolina) ziren taldearen osagaiak. “Taldea utzi eta [...]
“Itsasoan ibiltzeko afizioa beti izan dut, eta titulaziorik ez nuen. Libre nengoenez, Pasaiako Itsas Eskolan ikasketak egin nituen, eta administrazio ikasketak egin nituen Irunen”, dio Sarriegik, 1996ko azaroaren 30 hartatik zer egin duen galdetzerakoan. Ikasketa horiengatik, Hondarribiko Nautikoan lanean hasi zen, eta ondoren kirol kaian izan zen jardunean, hamar urtez. Egun Alkain dendan dabil lanean, Astigarragako egoitzan: “Musikaren alorra pixka bat apartatuta utzi nuen, beraz. 2001ean bakarkako diskoa atera nuen, Gorka Sarriegi izenekoa. Musika serioa-ren mundua albo batera utzita izan dudan arren, Urbil Artolarekin-eta harremana izan dut; beti egon gara elkarrekin geratzen eta abestiak egiten”.
Izan ere, zazpikotea zen Sorotan Bele. Sarriegi abeslari nagusiaz eta Urbil Artolaz gain (gitarra eta ahotsak), Mikel Errazkin (flauta), Ritxi Salaberria (baxua), Aitor Etxaniz (bateria), Ixiar Amiano (teklatuak) eta Mikel Izulain (biolina) ziren taldearen osagaiak. “Taldea utzi eta urtero afari bat egiten hasi ginen, biltzeko”, dio Sarriegik. Urteak aurrera joan ahala harremana galtzen joan ziren.
Hiru disko
Sarriegik gogoratu du 1989-1990 urteen artean hasi zela sortzen Sorotan Bele. Talde bat sortzeko gogoarekin lagun talde bat bildu, eta hango eta hemengo ezagunekin osatu zuten taldea, “espero gabeko zerbait izan zen. Ez genuen espero hain urruti iritsiko ginenik. 17-18 urte genituen”. Nolabait esateko, taldearen estiloa zituzten musika tresnen araberakoa izan zen, folk-rock estiloa landuz, “pop tankerarekin”, Sarriegiren arabera. Bertsioak egiten hasi ziren, eta beranduago, abesti propioak sortzen. “Gure musika estiloagatik galdetzen zigutenean, ea euskal musikaren eremuan hutsuneren bat ikusi genuen galdetzen ziguten. Folk musika gustuko genuen, beste musika mota asko bezala, baina genituen musika tresnen araberako estiloa jorratzen hasi ginen. Zerbait naturala izan zen, ez genuen estilo hori bilatu”.
Euskadi Gaztearen bigarren maketa lehiaketa irabazi zuen taldeak. Hortik aurrera, ospetsu egin ziren, kontzertu pila eman zituzten, eta hiru disko egin zituzten: Sorotan Bele (1992), Mundu Hegian (1994) eta Jonen kezkak (1996). Disko horien milaka eta milaka ale saldu zituzten. “Pixka bat galduta sentitu ginen. Ez genuen denbora gehiegirik eramaten musikaren munduan, ez genuen erreferentziarik, ez genekien egiten genuena asko edo gutxi ote zen… Baina aurrera jotzea erabaki genuen. Orain, atzera begira, garbiago ikusten dut zein neurri zuen egin genuen horrek guztiak. Uste dut ez ginela oso kontziente noraino iristen ari ginen”, azaldu du hondarribiarrak.
Oroitzapenak
Gorka Sarriegik Sorotan Beleren hasierako garaiei garrantzia berezia eman die. Hondarribitik kontzertuak ematera nola ateratzen ziren gogoratzen du, baina orduan ez zuen ulertzen nola jendeak Euskal Herriko edozein herritan berak etxean landutako abestiak kantatzen zituen, “oso berezia izan zen hori hasieran, eta bukaeran. Baina hasierako garaietan ulertezina iruditzen zitzaidan”.
Sarriegik onartu du egungo musika ez duela bereziki jarraitzen, “baina dakidanagatik, inoiz baino anitzagoa da, barietate asko dago. Taldeek orokorrean lan polita egiten dute, kalitatea dute. Jendea ikasiagoa da. Iruditzen zait euskal musikan gauzak ondo egiten ari direla”. Hala ere, Sorotan Beleren ondoren estilo berbereko —Su ta Gar sortu zenean euskal heavy-ak izan zuen goraldiaren antzera, eta Kortaturen garaian ska estiloak izan zuen arrakasta bezala— taldeak sortu ez izanari ez dio garrantzia berezirik eman hondarribiarrak: “Bidasoa inguruan folk estilo puruagoa landu duten taldeak izan dira. Popetik eta rocketik aldenduagoak. Agian ez dira hain entzutetsuak izatera iritsi, baina beste ildo batetik, folk musikak jarraipena izan du, trikitixarekin adibidez”.
Sarriegik onartu du jendeak ez duela kalean gelditzen, Sorotan Beleko abeslaria zinen zu eta antzekoak esateko. “Baina noizean behin horrelakoak gertatzen zaizkit. Horrek pozten nau. Eta zergatik ez, norbaitek kaletik ezagutzen nauenean harrotasun puntua izaten dut. Polita da norbait zutaz gogoratzea”.
Mikel Errazkin
2008ko irailaren 5ean hil zen Mikel Errazkin, gaixotasun baten ondorioz. Kolpe latza izan zen hori Sarriegirentzat. Haren omenezko diskoa egin zutenean, Sorotan Beleko kide batzuk berriz ere bildu ziren abesti bat egiteko. “Sorotan Belen genbiltzanean osasun arazoak zituen jada. Baina beti aurrera egiteko borondatea eta indarra azaldu zuen, indar handia gainera. Erdi elbarrituta gelditu zenean ere, abestiak sortzen eta diskoak egiten jarraitu zuen. Indar handia zuen”.
Errazkin hil zenean Hondarribiko jaiak ziren. Celtas Cortos taldeak kontzertua eman zuen urte hartan herriko jaietan. Sarriegi gau hartan lanean zegoen. “Jesus Cifuentesek Mikeli kanta bat nola eskaintzen zion entzun ahal izan nuen lanetik. Guztiz hunkitu ninduen horrek”.