Ertzaintza Mari Carmen Gonzalezen heriotza ikertzen ari da
Ertzaintzak ikerketa abiatu du hilaren 8an arratsaldeko Alardea ospatzen ari zela gertatutakoa argitzeko. Kosta konpainia Bernat Etxepare kalean desfilatzen ari zela, eskopeta tiro batek balkoian zegoen Mari Carmen Gonzalez 65 urteko emakumea zauritu zuen eta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten larri. Emakumea koma egoeran iritsi zen erietxera, eta larunbat goizean hil zen. Hurrengo goizean Ertzaintzaren komisaldegira gizonezko bat joan zen, tiroaren egilea bera zela esanez. Epaileak auzipetu du, ustezko lesio larriak leporatuta. Ezaguna da Alardeko partaide askok kartutxoen karga prentsatzen dituztela, berez egiten dutena baino zarata handiagoa egin dezan, nahiz eta Alardeko araudiak hori egitea debekatzen duen. Gainera, deskargak egiteko lekuak zehazten ditu araudiak ere, eta horien artean ez dago Bernat Etxepare kalearen ingurua. Larunbat eguerdian hasi ziren komunikabideak albistea zabaltzen. Hildakoaren senitartekoek gutun bat helarazi zioten udalari, komunikabideen artean banatu zezan. Besteak beste familiaren dolua errespetatu dezaten eskatzen zuten. Ikerketa amaitu arte gogoetarik ez egiteko eta «jaiekin loturiko beste gaiekin hikamikak sortzeko» gertakaria ez baliatzeko galdegiten zuen idatziak. Gertakaria izkutatzea leporatu diote udalari Larunbat arratsaldean bildu zen bozeramaileen batzordea, Mari Carmen Gonzalez zauritu eta bi egunera. Horrek egonezina piztu zuen herritarrengan eta ezbeharra ezkutatu nahi izatea leporatu diote udalari. Izan ere larunbat goizean, emakumea hil zela jakin zenean, [...]
Ertzaintzak ikerketa abiatu du hilaren 8an arratsaldeko Alardea ospatzen ari zela gertatutakoa argitzeko. Kosta konpainia Bernat Etxepare kalean desfilatzen ari zela, eskopeta tiro batek balkoian zegoen Mari Carmen Gonzalez 65 urteko emakumea zauritu zuen eta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten larri. Emakumea koma egoeran iritsi zen erietxera, eta larunbat goizean hil zen.
Hurrengo goizean Ertzaintzaren komisaldegira gizonezko bat joan zen, tiroaren egilea bera zela esanez. Epaileak auzipetu du, ustezko lesio larriak leporatuta. Ezaguna da Alardeko partaide askok kartutxoen karga prentsatzen dituztela, berez egiten dutena baino zarata handiagoa egin dezan, nahiz eta Alardeko araudiak hori egitea debekatzen duen. Gainera, deskargak egiteko lekuak zehazten ditu araudiak ere, eta horien artean ez dago Bernat Etxepare kalearen ingurua.
Larunbat eguerdian hasi ziren komunikabideak albistea zabaltzen. Hildakoaren senitartekoek gutun bat helarazi zioten udalari, komunikabideen artean banatu zezan. Besteak beste familiaren dolua errespetatu dezaten eskatzen zuten. Ikerketa amaitu arte gogoetarik ez egiteko eta «jaiekin loturiko beste gaiekin hikamikak sortzeko» gertakaria ez baliatzeko galdegiten zuen idatziak.
Gertakaria izkutatzea leporatu diote udalari
Larunbat arratsaldean bildu zen bozeramaileen batzordea, Mari Carmen Gonzalez zauritu eta bi egunera. Horrek egonezina piztu zuen herritarrengan eta ezbeharra ezkutatu nahi izatea leporatu diote udalari. Izan ere larunbat goizean, emakumea hil zela jakin zenean, Alardeko mandoekin elkartu zen alkatea, mezaren ondoren, baina arratsaldera arte ez zuen bozeramaileen bilera deitu. Txosnetako ordezkariak eguerdian elkartu ziren erantzun bat adosteko, hauek ere bozeramaileak baino ordu batzuk lehenago.
Hondarribiko udalean ordezkaritza duten alderdiek igandeko pilota jaialdiko bigarren partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde eta gaueko su artifizialak bertan behera uztea erabaki zuten. «Udaletxeko banderak mastetatik jaistea ere erabaki zuten —estandarteak utzi zituzten, eta hiriko armarridun zapian krespoi beltza jarri zuten—. Erabakia ahobatez hartu zuten ordezkariek, familiarekin hitzegin eta gero.
Arratsaldeko zazpiretan komunikabideei oharra bidali zien udalak, baina ez zuen herritarren artean berria zabaldu. Bertan behera utzitako egitarauko ekitaldi bakarra jaiei amaiera emateko balio duen su artizizialen erakustaldia izatea, hori ere kritikatu dute herritarrek. Butroi pasealekura hurbildu zirenean jaso zuten gertatutakoaren berri herritar askok.