Ereintzak ez du lortu Euskadiko Kopako finala jokatzeko txartelik
ereintzak partida galdu du bidasoaren aurka
Ereintza eskubaloi taldeak ez du lortu azkenik Euskadiko Kopako finalean jokatzeko txartelarik. Larunbatean Galtzarabordako Kiroldegian jokatutako partidan, Bidasoa izan zen nagusi.
Bi golen aldearekin lortu zuten garaipena irundarrek eta, horrenbestez, Errenteriakoek finala jokatzeko aukera galdu zuten.
Partida berdinduta hasi zuten Ereintzakoek eta Irungoek, azken horiek uneoro markagailuan aurretik izan baziren ere.
Bigarren zatia gaizki hasi zuten errenteriarrek, eta partzialean irundarrek sei golen abantaila lortu bazuten ere, aldea murriztea lortu zuten Ereintzakoek eta 24-26 amaitu zuten partida irundarren alde.
Txapelketarekin pozik
Ereintza eskubaloi taldeko arduradunek larunbateko partidan “gogor»” aritu zirela eta txapelketarekin pozik daudela azaldu dute: “Ereintzak ez du Euskadiko Kopako finala jokatuko baina, orokorrean pozik gaude txapelketan lortu ditugun emaitzekin; are gehiago kontuan hartzen badugu denboraldiaurrean gaudela”. Amaitzeko, Bidasoa taldekoak zoriondu dituzte Ereintzakoek.